Itxi

MIGRAZIOA

Bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren banaketa aztertuko dute gaur Espainiako Gobernuak eta erkidegoek

EITB Media

Leer en Castellano

Tenerifen egingo dute bilera, 19:00etan, eta EAEko ordezkariek telematikoki hartuko dute parte. Atzo, Ubarretxenak aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek kontingentzia plan bat eskatuko dutela.

Lanzarotera (Kanariak) heldutako hainbat pertsona. Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek kontingentzia plana eskatuko dute Espainiako Estatura, Kanarietara zehazki, gurasorik gabe heltzen diren adingabe atzerritarrak erkidegoen artean banatzeko orduan. Banaketa proportzionala izatea nahi dute eta hori da defendatuko dutena, gaur, Tenerifen (Kanarietan) gaia lantzeko Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek egingo dute konferentzia sektorialean.

Hala jakinarazi zuen atzo, kazetariek galdetuta erantzunez, gobernu bileraren osteko agerraldian, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.  Horren hitzetan, Jaurlaritzaren eta foru aldundien ordezkaritza batek —azken horiek dute eskuduntza— telematikoki hartuko du parte batzarrean, "proposamen bateratu eta adostua" mahai gainean jartzeko. Bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren auzia "arazo koiuntural" izateari utzi diola azpimarratu zuen eledunak, eta "arazo estrukturala" den heinean, erantzun "serioa" eman behar zaiola erantsi.  

Azaldu zuenez, erkidego guztiek ez diote modu bertsuan erantzuten arazoari, eta datuak jarri zituen mahagainean: EAEn 761 adingabe daude artatuta (511, Bizkaian; 180 Gipuzkoan, eta 70, Araban). Errioxan, aldiz, bederatzi.

"Eskuak zabalik eta elkartasunez erantzuteko prest gaude, betiko moduan", adierazi zuen. Dena dela, uste du erkidegoek "eskubideak eta betebeharrak" dituztela auzi honetan. 

Gaurko bilera, Angel Victor Torres Lurralde Politikarako eta Funtzio Publikoaren ministroak deitu du. Kanarietan bizi den "egoera jasanezina" dela eta, "berehalako eta legezko" irtenbidea eman behar zaiola adierazi du. Atzerritartasun Legea aldatu nahi du Espainiako Gobernuak, erkidegoen artean banaketa derrigorrezkoa izan dadin.

Momentuz, Kanariar Uharteetan dauden bidaiderik gabeko 6.000 inguru adin txikoko migratzaileetatik 347 erkidegoen artean banatzea proposatuko die Moncloak erkidegoei; horietatik, 18 jasoko lituzke EAEk eta 15 Nafarroak. Kataluniara iritsiko lirateke gehien, 31, eta gutxien, 4, Errioxara.

Egun, Foru  Erkidegoko zentroetan 110 adingabe migratzaile daude.

PP-Vox harremana, kolokan

Adingabe migratzaileen banaketak PP-Vox harremana eta bien arteko koalizio gobernuak tenkatu ditu. PPk ez die jaramonik egin, oraingoz, Vox alderdi ultraeskuindarrak koalizio gobernuak hausteko egindako mehatxuei, bidaiderik gabeko adingabe migratzaileen banaketa erkidegoen artean egitea onartzen badu.  Atzerritartasun Legea aldatzearen alde egingo duen ala ez argitu ez duen arren, harrera solidarioa defendatu dute popularrek, betiere finantziazio nahikoa baldin badago.

Albisteak (1)