Itxi

Sanferminak

Fuente Ymbroko zezenek entzierro polit eta garbia utzi dute, aurtengo bizkorrena

E .G. | EITB Media

Leer en Castellano

2 minutu eta 18 segundoko iraupena izan du gaurko lasterketak. Korrikalariek luzitzeko aukera izan dute, batez ere Estafeta kalean. Lau lagun artatu dituzte ospitalean, eta hiruri senda agiria eman diete dagoeneko.

Entzierroetako korrikalariei gustatzen zaizkien moduko lasterketak ikusi dira gaurkoan Iruñeko karriketan, biziak eta korrika egiteko tarteekin. Fuente Ymbro ganadutegiko zezenak bizkor eta zintzoak izan ohi dira, eta laugarren entzierro honetan halaxe jardun dira.

Aurtengo sanferminetako entzierro arinena izan da (2' 18''), baita garbienetakoa ere. Lau pertsona artatu dituzte erietxeetan, baina hiruk senda agiria jaso dute eguerdirako. 

Ia ibilbide osoan anaituta izan dira animaliak, tarteka —Udaletxe inguruan eta zezen plazako kalezuloan— bereiz ibili badira ere. Ziztu bizian ibili dira, erorketarik gabe. Hori horrela, korrikalariak gustura ibili dira euren aurretik, Estafetan lasterketa ikusgarriak utzita. 

Hain justu, kale honetan izan dira une arriskutsuenak. Zezenak ezkerreko zatitik joan dira, eta lasterkarietako bat animalien eta hormaren artean geratu da harrapatuta. Animalietako batek adarra hanka gainean jarri dio gazteari, baina ez dio sartu. 

Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak emandako balantzearen arabera, lau pertsona eraman dituzte erietxera, bakar bat ere ez adarkatuta. Hiruri eman eguerdian eman diete senda agiria: Mercaderesen besoan kontusioa jaso duen bati, zezen plazan aurpegian makadura izan duen beste bati, eta Mercaderes inguruan, sudurrean kontusioa izan duen hirugarrenari. Ospitalean jarraitzen du Telefonicako zatian hankan kolpea hartu duen laugarren korrikalaria. 

Gaurko lasterketari ekin aurretik, duela 15 urte halako egun batez entzierroan hildako azken korrikalariaren (Daniel Gimeno madrildarra) aldeko omenaldia egin dute. Jandillako zezenek adarkadaz hil zuten 2009an. 

Bideoak (1)