Itxi

Bilbo

Casillako kiroldegi berria 2026ko amaieran bukatuta egongo dela aurreikusten dute

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Casilla berriak gutxienez 3.150 metro karratuko kirol-ekipamendua izango du. Bilboko Udalak proiektua "kalitatezko espazio publiko" gisa defendatu du. EH Bilduk eta Elkarrekin Bilbok, ostera, "pribatizazioa" salatu dute.

Casilla berria. Irudia: Bilboko Udala

Casillako ekipamendu berria eraikitzeko lanak 2026. urtearen amaieran bukatuko direla aurreikusi dute. Igerilekua izango duen udal kirol-ekipamendu berria izango da, gaur egun baino kirol- eta aisialdi-eskaintza handiagoarekin, eta, gainera, plaza horren ingurua birmoldatu eta aparkaleku bat sortuko da.

Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak obra-emakidaren kontratuaren lizitazioa onartu du, Casillako obra idazteko eta zuzentzeko, segurtasuna eta osasuna koordinatzeko, ustiatzeko, mantentzeko, kontserbatzeko eta berritzeko.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotzi Asier Abaunzak azaldu dutenez, eremu horretarako egitasmoa "kalitatezko espazio publikoa izango da, modernoa, ekitaldiak har ditzakeena, kioskoari beste esanahi bat ematen baitzaio, aisialdirako gune berriak eskainiko baititu".

Emakidaren epea 40 urtekoa izango da, kontratua sinatzen denetik zenbatzen hasita, eta horrek proiektu teknikoa idaztea ekarriko du, gehienez beste zortzi hilabete. Azkenik, lanak gehienez 18 hilabetean amaitzea espero da.

Esleipen- eta obra-prozedurak irauten duen bitartean, Udala izango da administrazio arduraduna, eta, behin lanak bukatu ondoren eta instalazioak martxan jarrita, kudeaketa Bilbo Kirolaken esku utziko da.

Casilla berria. Irudia: Bilboko Udala

Casilla berriak gutxienez 3.150 metro karratuko kirol-ekipamendua izango du, 1.250 metro karratuko kirol-pista bat hartuko duena, eskubaloia, areto-futbola, areto-hockeya, saskibaloia, minibasketa, badmintona, tenisa eta boleibola praktikatzeko, besteak beste.

Era berean, 300 lagunentzako eserlekuak izango dituen harmaila izango du, gurpil-aulkia erabiltzen duten pertsonentzako tokiarekin.

Bestalde, 300 metro koadroko aretoak egonen dira talde jardueretarako, 200 metro koadroko pilates/yoga gela bat eta 200 eta 800 metro karratu arteko muskulazio edo fitness areto bat.

Proiektuak 600 metro karratuko igerilekua barne hartzen du, gutxienez 25 x 12,5 metrokoa, hondartza bat barne.

Instalazioak aparkaleku berri bat izango du sestra azpian, derrigorrezko estandarra duena: autoentzako 0,35 plaza 25 metro koadroko, eta bizikletentzat 0,5 toki 250 metro karratuko.

Oposizioak "pribatizazioa" salatu du

EH Bilduko udal taldeak deitoratu egin du, proiektuaren berri izan ondoren, Udalak "beste behin ere" udal kiroldegi baten sorrera eta kudeaketa "esku pribatuen esku" uztearen aldeko apustua egitea, "Bilbo Kirolaken kudeaketa kanpora eramateko bidea irekiz". Ohar baten bidez, koalizio subiranistak defendatu du egitasmo berrirako kudeaketa publiko eta kalitatezko kiroldegi baten alde egitea.

Elkarrekin Bilbo udal taldeak salatu duenez, proiektu berria "kiroldegia egingo duten enpresen neurrira egina dago" eta ekipamendu publiko baten "pribatizazioa" suposatzen du. Ohar batean, indar politiko horrek Udal Gobernuak gaur aurkeztutako proiektua kritikatu du, "prozesuan parte hartu duten enpresei bakarrik entzun zaielako, eta ez auzoko bizilagunei".

Galeriak (1)