EAE-ko Auzitegi Nagusia
Tratu txar eta sexu erasoagatik ezarritako zigor bat baliogabe utzi dute, epaimahaia partziala izan zelakoan
EITB Media
EAEko Auzitegi Nagusiaren Arlo Zibil eta Penaleko Salak epaiketa berriro egitea agindu du. Gizonari 11 urteko kartzela zigorra ezarri zioten bikotekideari tratu txarrak ematea eta sexu erasoa egitea egotzita. Salaren iritzian, epaimahaiko bost epaileetatik bi ez ziren inpartzialak izan.
EAEko Auzitegi Nagusiaren Arlo Zibil eta Penaleko Salak Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren 6. Sekzioak indarkeria matxista kasu bati buruz emandako epaia baliogabetu eta epaiketa berriro egiteko agindu du. Epaimahaia inpartziala izan ez zela ondorioztatu du Salak, akusatuaren defentsak jarritako helegitea onartuta.
Bost magistratuk osatutako epaimahai batek 11 urteko kartzela zigorra ezarri zioten gizon bati bikotekideari tratu txarrak eman eta sexu erasoa egiteagatik. Zigorraren aurka helegitea aurkeztu zuen defentsak, epaileetako bi partzialak izan zirelakoan.
Salak arrazoia eman dio defentsari, eta defentsak errekusatutako bi epaileen inpartzialtasuna ezbaian jarri du. Antza, auziaren instrukzio fasean akusatua baldintzapean aske uztearen kontrako erabakiak hartu zituzten bi epaileok.
EAEko Auzitegi Nagusiak gogorarazi duenez, "errekusatutako magistratuen kasuan, horien inpartzialtasuna kasuan kasu aztertu behar da, objektiboki hala den zehazteko".
Hala, Salak uste du kasu honetan bi epaile horien errekusazioa onartu behar zuela epaimahaiak, auziaren instrukzio fasean parte hartu zutelako.