sanferminak
Jandilla arriskutsuek adarkatu bat utzi dute entzierro azkar batean
E. G. | EITB Media
Animaliek oso sakabanatuta egin dute ibilbide osoa, eta emozioz beteriko entzierroa izan da. 2 minutu eta 20 segundo iraun du gaurko lasterketak, aurtengo arinenetakoa. Adarkatua 72 urteko donostiarra da, eskarmentu handiko korrikalaria antza, besapean du zauria, eta egonkor dago.
Zezen arriskutsu eta suharrak izan ohi ditu Jandilla ganadutegiak, eta gaurkoan, sanferminetako seigarren entzierroan, ondo erakutsi dute. Izan ere, gizon bat adarkatu dute Santo Domingon, osasun partearen arabera.
Entzierro azkarra (2 minutu eta 20 segundo) eta bizia izan da. Animaliak oso sakabanatuta joan dira ibilbide osoan, eta horrek sortu du arrisku gehien, baita emozioa ere. Uger koloreko zezen bat jarri da denen buru, eta, joaldunekin batera, arin batean egin ditu Santo Domingo, Mercaderes eta Telefonicako zatiak. Atzean geratu dira lau zezen beltz, eta anaituta egin dute bidea. Animalia gorri bat geratu da atzerago.
Adarkada entzierroaren hasieran gertatu da, Santo Domingoko aldapan. Zezen beltzetako batek eskuineko aldean zeuden korrikalarien kontra egin du, eta horietako bati adarra sartu dio besapean.
Estafeta kalean izan dira lasterketa zirraragarrienak. Kalezuloan, bestalde, tentsio uneak bizi dira, hainbat eroriko izan eta korrikalariak lurrean geratu direlako. Dena dela, ez da aparteko ondoriorik izan.
Osasun arduradunek jakinarazitako balantzearen arabera, hiru pertsona eraman dituzte ospitalera: bata adarkatuta, kontusioekin beste biak. Santo Domingon, lehen zatian, sartu dio adarra zezenak 72 urteko korrikalari donostiarrari. Entzierroa korritzen urteak daramatzan korrikalariak besapean du zauria, eta garuneko traumatismoa, baina egonkor dago. Beste bi zauritutakoak Mercaderes eta Espoz y Mina kaletik eraman dituzte: lehenak besoan hartu du kolpea, bigarrenak aurpegian.