Itxi

eguraldia

Uda oraindik ez da ohartu iritsi dela

eitb media

Leer en Castellano

Datorren astean egun lainotsuak eta eguzkitsuak tartekatuko dira, eta tenperaturak 20 eta 30 ºC artean kokatuko dira. Ez da euririk espero, ezta egun erabat eguzkitsurik ere.

Bilbo. Argazkia: Efe

Egun eguzkitsuak eta hondartzarako aproposak egon badira ere, eguraldia ez da egonkortu eta ez du bere aurpegi udatiarrena erakutsi oraindik. Datorren asteak bide beretik jarraituko du, eta tenperaturak 20 eta 30 ºC artean kokatuko dira. Ez da euririk espero, ezta egun erabat eguzkitsurik ere.

Gaur, erdi-mailako hodei eta goi-hodeiekin batera, urdinguneak agertuko dira; giro argia izango dugu goizean. Lehen orduetan, hegoaldeko haizea ibiliko da, eta eguerdi inguruan, haizeak mendebalde ipar-mendebaldera egingo du kostaldean; ondoren, barnealdera ere iristen joango da. Hortik aurrera, hodeitza trinkoagoa izango da zenbait momentutan, eta behe-hodeiak ere ager daitezke ipar partean. Hala ere, bustitzeko probabilitatea oso txikia izango da. Tenperaturak gora egingo du, eta 30 ºC-ra iritsiko da barnealdean; Nafarroa hegoaldean, 35 ºC-ra ere irits liteke. Kostaldean, berriz, 25 ºC inguruan geratuko da.

Astelehenean, fronte hotz baten eraginez, hodeiak ugaritu egingo dira. Goiza hego-mendebaldeko haizearekin eta tenperatura nahiko altuarekin hasiko dugu. Goiz amaieran, ordea, kostaldean, haizeak ipar-mendebaldera egingo du zakar, bolada gogorrekin, eta barnealdean aldatuko da ondoren. Freskatzera egingo du eta hodeiak ugarituko dira, batez ere behe-hodeiak iparraldean. Hegoaldean, argiago egongo da. Han eta hemen zaparrada batzuk egingo ditu, iparraldean ez ezik baita hegoaldean ere, eta arratsaldean ekaitzak jo dezake bertan. Tenperatura maximoetan ez da aldaketa handirik izango, baina freskatzera egingo du frontea pasa ostean.

Asteartean, giroak hobera egingo du berriro. Kantauri isurialdean, behe-hodei dezente izango ditugu, eta arratsaldetik aurrera gutxituz joango dira. Mediterraneo isurialdean, giro argiagoa izango da, goi-hodei batzuekin. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da eta ipar-ekialdekoa gailenduko da arratsaldean. Tenperatura jaitsi egingo da.

Asteazkenean, tenperaturak igo egingo dira eta eguzkia nagusituko da, baina ostegunean lainoak ugaritu eta astebururako tenperaturak behera egitea eta zerua erabat iluntzea espero da.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.