Itxi

Osasunbidearen balantzea

Jaiekin lotuta 367 osasun-arreta egin dituzte sanferminetan, iaz baino % 12 gutxiago

EITB Media

Leer en Castellano

Horrela, 126 traumatismo eta zauri, 63 eraso, entzierroetako 56 zauritu, 37 intoxikazio etiliko, drogek eragindako 16 intoxikazio, bederatzi eraso kimiko eta zazpi sexu-eraso izan dira.

Txupinazoa Gazteluko plazan. Argazkia: EFE

Iruñeko ospitaleek eta osasun-zentroek guztira 7.936 osasun-arreta egin dituzte uztailaren 6tik 14ra bitartean, San Fermin jai jendetsuetan, horietatik 362 jaiekin lotutakoak, hau da, iaz zenbatutako 415ak baino % 12 gutxiago.

Kopuru esanguratsuak dira, 2024ko sanferminetan bi asteburu izan baitira, eta horrek teorikoki Iruñera bisitari gehiago hurbiltzea ahalbidetzen zuen.

Prentsaurrekoan, Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilariak egun horietarako ezarritako osasun-dispositiboaren balantzea egin du. Jaiekin lotutako 362 arreten artean, 126 traumatismo eta zauri, 63 eraso, entzierroetako 56 zauritu, 37 intoxikazio etiliko, drogek eragindako 16 intoxikazio, bederatzi eraso kimiko eta zazpi sexu-eraso nabarmendu ditu kontseilariak.

Azken horiei buruz galdetuta, kontseilariak azaldu du "ezer gutxi" esan dezakeela, ezarritako protokoloaren arabera, biktimei osasun arreta sanitarioa eskaini zaiela izan ezik, eta ikerketaren zain geratu direla orain. Hala ere, baieztatu du iaz "ziztaden psikosi bat" egon zela, ustezko droga-inokulazioen salaketekin, baina aurten ez dela halakorik errepikatu.

Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuak (HUN) 3.970 lagun artatu ditu, horietatik 267 jaiekin lotuta, 205 jaietan, 43 entzierroetan eta 19 zezenketetan.

Zehaztu duenez, jaiekin lotuta ospitalean artatu direnetatik 83 traumatismoengatik izan dira, 36 intoxikazio etilikoengatik, 33 erasoengatik, 12 droga-intoxikazioengatik, zazpi sexu-erasoengatik (sei emakume eta gizon bat), bederatzi eraso kimikoengatik eta bost zauriengatik barraketan.

41 traumatismo eta bi adarkatu entzierroetan

Entzierroetatik eratorritako 43 arretei dagokienez, 41 traumatismo eta bi adarkatu izan dira. Zezenketetako 19 pertsonetatik 15 traumatismo izan dira, zauritu bat zezen-adarrez eta hiru behi-adarrez.

Estrella Petrina HUNeko gerenteak jakitera eman duenez, gaur goizean entzierroetako sei korrikalarik ospitalean jarraitzen zuten, bat hilaren 12tik, hiru hilaren 13tik eta bi igandetik.

Bestalde, San Martin eta Buztintxuri ospitaleetako larrialdi-zentroetan 2.614 arreta egin dituzte; horietatik 1.177 San Martin doktore zentroan, 1.262 Buztintxurin eta 175 San Martingo profesionalen taldeak emandako etxez etxeko arretan.

Datu orokor horretatik, 95 San Fermin jaietako arreta bereziak izan dira. Arreta motaren arabera bereizita, honako hauek izan dira: 43 traumatismo eta zauri; erasoengatik 30; entzierroen ondoriozko 13 arreta; sei intoxikazio (lau drogengatik, bat alkoholagatik eta bat elikagaiengatik), eraso homofobo bakarra eta genero-indarkeria bi kasu.