Itxi

Bizkaia

Merino eta Oyarzabalen aurkako pintadak agertu dira Elorrion

EITB Media

Leer en Castellano

Larunbatean agertu ziren, Espainiaren eta Ingalaterraren arteko Eurokopako finala jokatu bezperan. Pintadetan Mikel Merino eta Mikel Oyarzabalen izenak irakur daitezke "traidoreak" hitzaren ondoan.

Irudia: <a href='https://www.durangon.com/aparecen-pintadas-y-una-pancarta-en-contra-de-la-asimilacion-de-la-seleccion-de-espana-en-elorrio/' target='_blank' title='Durangon.com'>Durangon.com</a>

Joan den larunbatean, Espainia eta Ingalaterraren arteko Eurokopako finala jokatu bezperan, Espainiako selekzioaren aurkako eta euskal selekzioaren aldeko pankarta bat eta pintadak agertu ziren Elorrion (Bizkaia).

Durangon Durangaldeko egunkari digitalak jakitera eman duenez, Sortzez Garbiaren Basilikan zintzilikatutako pankartan honako hau irakur daiteke: "Espainiar selekzioaren asimilazioari ez! Gurea euskal selekzioa", Espainiako bandera zirrimarratu eta ikurrinarekin batera.

Mikel Merino eta Mikel Oyarzabal, Alemanian Espainiako selekzioarekin jokatzen ari diren Realeko bi jokalari, "traidoreak" hitzarekin eta esbastika nazi zirrimarratu batekin margotuta ere ikus daitezke. Oyarzabalen kasuan, bere ama Elorriokoa dela gogoratu behar da.

Gainera, jokalari gipuzkoarra protagonista izan zen igandean jokatutako partidan, Luis de la Fuente entrenatzaile errioxarrak zuzentzen zuen taldeari garaipena eta Eurokopako garaikurra eman zizkion bigarren golaren egilea izan baitzen.

Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak deitoratu egin du "euskal errealitatea onartzeari uko egiten dioten intoleranteak" egotea. Izan ere, "gizarte anitza da, normaltasunez eta aurreiritzirik gabe Espainiako Selekzioaren garaipenaz gozatu zuena".