Itxi

Aste Nagusia 2024

Donostiako piratek egitarau "zabala" prestatu dute abuztuaren 10etik 17ra, eta abordatzea 12an izango da

EITB Media

Leer en Castellano

"Jalgi belak mastara eta euskara plazara! Festa Ipar" leloa izango du aurtengo Donostiako Aste Nagusi Piratak. Bertso saioak, kalejirak, kuadrilen arteko jolasak, azoka, herri bazkaria eta beste ekintza ugari antolatu dituzte.

Donostiako piratak. Irudia: EITB

Abuztuaren 10etik 17ra luzatuko den egitarau "zabala" aurkeztu dute Donostiako piratek eta Flamenka gunean (kaia) bakarrik ez, jai alternatiboa hiriburuko beste txokoetara ere zabalduko da. Zortzi egunetan adin guztietako piratek "partxea janzteko" aukera izango dute. "Jalgi belak mastara eta euskara plazara! Festa Ipar" leloa izango du aurtengo Donostiako Aste Nagusi Piratak.

Piraten ikur nagusia den abordatzea abuztuaren 12an izango da, eta gainerako egunetarako bertso saioak, kalejirak, kuadrilen arteko jolasak, azoka, herri bazkaria eta beste ekintza ugari antolatu dituzte.

Gau girorako bi plaza izango dira. Flamenkak gustu guztietarako kontzertuak hartuko ditu, besteak beste, Bulego, Belako, Los Zopilotes Txirriaos, Nakar eta Albina Stardust eta Divina Comedia taldeak.

Trinitate plazan, eskaintza txikiagoen zale diren piraten gotorlekuan, aldiz, Rudiger eta Andoni Ollokiegiren kontzertuak, esate baterako.

Guzti honekin, Donostiako piratek jaietan ere "erasorik gabeko festa eta hiria" nahi dutela aldarrikatu dute. Ildo horretatik, kalejira aldarrikatzaile transfeminista egingo dute, puntu moreak ezarriko dituzte eta abuztuaren 17an elkarretaratzea erasoak salatzeko, "zoritxarrez" gertatuko direla aurreikusten baitute.