Itxi

EITB DATA

Gero eta gehiago bidaiatzen dugu: 4 edo 5 bidaia urtean pertsonako

EITB MEDIA

EAEko eta Nafarroako herritarrak dira Espainiako Estatuko herritarren artean bidaia gehien egiten dituztenak. Gainera, batez beste gainerako erkidegoetakoek baino gehiago gastatzen dugu bidaia bakoitzean.

Gero eta gehiago bidaiatzen dugu: 4 edo 5 bidaia urtean pertsonako

Euskal Herrira iristen diren turisten kopuruak gora egin du, eta, azkenaldian, guk ere turismo gehiago egiten dugu. Gero eta gehiago bidaiatzen dugu, batez ere pandemiaren ostean; izan ere, badirudi momentua bizi nahi dugula.

Aurtengo lehen zatiko (urtarrila-maiatza) datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek iazko epe berean baino bidaia gehiago egin ditugu; nafarrek, berriz, iaz beste bidaiatu dute.

Hain zuzen ere, EAEko eta Nafarroako bizilagunak gara gehien bidaiatzen dugunak, Espainiako Estatuko erkidegoetako bizilagunekin alderatuz gero. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, biztanleen % 75ek gutxienez bidaia bat egin zuten 2023an.

Horrela bada, batez beste 4,5 bidaia egin genituen iaz, Estatuan batez beste egindakoak baino % 17 gehiago. Iraupenari erreparatzen badiogu, berriz, batez beste, 5 egun ematen ditugu bidaia bakoitzean.

Bidaietan egiten dugun gastuari begiratuta, gainera, EAE eta Nafarroako bizilagunak gehien gastatzen duten bidaiarien artean gaude, Madrilgo eta Balear Uharteetako bizilagunekin batera.