Itxi

Microsoft

Mundua, "historiako itzalaldi informatiko handienetik" errekuperatzen

Agentziak | EITB Media

Microsoft Windows sistema eragileak huts egin ostean, kaosa nagusitu zen mundu osoko zerbitzuetan. Aireportuetan egoera bereziki larria izan da; izan ere, itzalaldiak 5.000 hegaldi utzi ditu bertan behera Europan, eta 44.000 atzeratu.

Estatuan ostiralean aurreikusitako aire-zirkulazioaren % 6,5, bertan behera. Argazkia: EFE

Mundu osoko hainbat enpresa eta erabiltzaile historiako itzalaldi informatiko handienari buelta ematen saiatzen ari dira oraindik gaur, ostiralean Microsoft Windows sistema eragileak huts egin ostean. Horrek finantza, eskola, osasun zerbitzu, larrialdi eta airelinea sektoreetan izan du eragina.

Aireportuetan ere eragin handia izan du; izan ere, Microsoft Windowsen sistema eragilea erori izanak arazoak eragin ditu bidaiarien erregistroan, baita mundu osoko sare-konexioetan eta aire-konpainien informazio-sistemetan ere.

Loiuko aireportuan (Bizkaia) ere atzerapenak izan dira, check-in digitala egin ezin izan dutenez eskuz egin behar izan baitute; ondorioz, ilara handiak sortu dira.

Aenak emandako datuen arabera, 400 hegaldi utzi behar izan dituzte bertan behera, Estatuan ostiralean aurreikusitako hegaldi guztien % 6,5.

Europako aireportuen egoerari dagokionez, hainbat aireportu kaltetu dira. Datuen arabera, 5.000 hegaldi geratu dira bertan behera, eta 400.000 baino gehiagok atzerapenak izan dituzte. Aireportu kaltetuen artean handienak daude: Londres, Manchester eta Edinburgo (Erresuma Batua), Erroma (Italia), Amsterdam-Schiphol (Herbehereak), Berlin (Alemania), Zürich (Suitza) eta Krakovia (Polonia).

Bestelako sektoreak

Eusko Jaurlaritzak baieztatu duenez, informatikako ekipoen % 70 kaltetu dira. Ogasunean, Justizian eta Osakidetzan nabaritu dituzte gehien akats horrek eragindako kalteak, eta lan asko eskuz egin behar izan dituzte.

Bestalde, sektore pribatuan ere izan du eragina. Euskadiko enpresa handienak, Mercedes-Benzek, ekoizpena eten behar izan du Gasteizko lantegian.

Albisteak (5)

Bideoak (1)