Emakumeen aurkako indarkeria
Emakume batek salatutako eraso matxista bat ikertzen ari da Ertzaintza Zaldibarren
AGENTZIAK | EITB Media
Sexu-askatasunaren aurkako delitu bat salatu du emakumeak. Erasoa gaitzesteko astelehenerako deitutako elkarretaratzean parte hartuko duela iragarri du Udalak, eta bat egitera deitu ditu herritarrak.
Emakume batek salatutako sexu-askatasunaren aurkako delitu bat ikertzen ari da Ertzaintza Zaldibarren (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez.
Gertaera ostegun arratsaldean jazo zen, eta, emakumeak salaketa aurkeztu ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.
Bestalde, Zaldibarko Udalak adierazpena egin du "ostegunean, 2024ko uztailaren 18an, gure herriko emakume batek jasandako eraso matxistaren ondorioz".
"Udalak bere konpromisoa berretsi nahi du bizitza, askatasuna, duintasuna eta emakumeek herritar gisa dituzten eskubideen kontra erasotzen duten indarkeria mota guztiak errotik ezabateko. Emakumeen kontrako indarkeria emakume eta gizonen arteko berdintasun ezaren adierazpenik basatiena da", horren arabera.
Halaber, "Udala osatzen dugun langile eta politiko guztiek babesa erakutsi gura diogu eraso horiek jasan dituen emakume eta emakumearen ingurune hurbilari", erantsi dute.
"Emakumeen aurkako indarkeria oro gaitzesten dugu, Euskal Herriko herri eta hiri guztietan, mundu osoan bezala, eta horrelako erasoak berehala desagerrarazteko nahia adierazten dugu", gaineratu dute adierazpen horretan.
Bukatzeko, "Udalak bat egiten du, eta herritar guztiak animatzen ditu, eraso matxista hori gaitzesteko kontzentrazio-deialdiarekin". 2024ko uztailaren 22an egingo dute, 12:00etan eta 19:00etan, Udaletxeko Plazan.