Atzerapenak aireportuetan
Igandean itzuliko dira etxera Gatwicken aireratu ezinda geratu diren 45 erretirodun nafarrak
EITB Media
70 eta 80 urte bitarteko erretirodunak Gatwickeko aireportuan zeuden ostiralean, arratsaldean etxera itzultzeko hegaldia hartzeko zain, maletak lehorreratu zizkietela eta hegazkina haiek gabe joan zela jakin zutenean. Konpainiak "aireportuan abandonatu gaitu", salatu dute bidaiariek.
Gauzak ondo bidean, igandean itzuliko dira etxera Londresen, Gatwickeko aireportuan, aireratu ezinik gelditu ziren Tafallako 45 pentsiodunak. Ostiral honetan Microsoft Windows sistema eragileak huts egiteak mundu osoan eragindako kaos informatikoaren ondorioz etxera itzuli ezinda geratu da Tafallako 45 erretiroduneko talde bat, EITBk jakin duenez.
70 eta 80 urte bitarteko pentsiodunak Gatwickeko aireportuan zeuden ostiral arratsaldean, Erresuma Batuan oporretan egon ostean, etxera itzultzeko hegaldia hartzeko zain, eta bertan jakin zuten maletak lehorreratu zizkietela eta hegazkina haiek gabe joan zela.
Bidaiariek salatu dutenez, Vueling konpainiak "aireportuan abandonatu gaitu, hegaldirik eta laguntzarik gabe, eta ez diote telefonoari erantzuten".
Aireportu inguruetan igaro dute lehen gaua, eta larunbatekoa igarotzeko lotarako lekua topatu diete.
EITBk jakin duenez, trenez itzuliko dira azkenean etxera. Bi taldetan banatuta, Pariserako bi tren hartuko dituzte igande goizean, eta gau partean iritsiko dira Hendaiara.