Itxi

Sutea

Bost pertsona zauritu dira Mutrikuko alde zaharrean izandako sutean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, sutea 08:00etan piztu da Barrenkale kaleko eraikin batean. Zauritutako bost pertsona horietatik bik osasun zerbitzuen arreta jaso behar izan dute, erredurak baitzituzten.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bost pertsona zauritu dira Mutrikuko alde zaharrean izandako sutean. Sugarrak ikusita, eraikin hori eta inguruko eraikinak hustu dituzte.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, sutea Mutrikuko alde zaharreko Barrenkale kaleko 6. zenbakian piztu da, hirugarren solairuan.

Kaltetuei dagokienez, bost pertsona zauritu dira, eta horietatik bik osasun zerbitzuen arreta jaso behar izan dute, erredurak baitzituzten.

Horiez gain, eraikineko bizilagunak ere atera behar izan dituzte suhiltzaileek etxetik, eskailera komunitarioa behera erori baita.

Beste suhiltzaile batzuen laguntza behar izan dute sutea kontrolatzeko, eta Zarauzkoak, Eibarkoak eta Azpeitikoak bertaratu dira, Markinako eta Iurretako suhiltzaileez gain. Guztien artean, berehala hartu dute kontrolpean.

Oraindik ez dute jakitera eman sugarrek zenbaterainoko kaltea egin duten, baina eraikinak kalte oso handiak dituela aurreratu dute.

Erortzeko arriskua

Sirenen zaratak ezustean harrapatu ditu mutrikuarrak, herriko jaien hasierako egunean. "Sirena hotsak sumatu dira, baina bestelako zeozer izango zela uste genuen", adierazi du Joseba Palenzuela alkateak.

Palenzuelak EITBrekin izandako elkarrizketan, erortzeko arriskua dagoela jakinarazi du: "Suhiltzaileek egoeraren lehen balorazioa egin dute. Oraindik goiz da, baina eraikina erortzeko arriskua dago (...) Bien bitartean, kalea itxi beharko dugu arrisku gehiago saihesteko ".

Behin-behineko etxebizitza baliabidea

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Mutrikuko Udala etxetik ateratako auzokideekin harremanetan dira, behin-behineko etxebizitza baliabideak bermatzeko. Hala ere, Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak aditzera eman duenez, momentuz bizilagunek ez dute behin-behineko ordezko etxebizitza baliabiderik behar.

"Haiekin harremanetan gaude Aldundiko arduradunak eta Mutrikuko Udala, baina oraingoz ez dute behin-behineko etxebizitza baliabiderik behar", azaldu du Berasaluzek.

Bideoak (3)