SUTEA
Mutrikuko sutean larri zaurituetako bat ZIUtik atera da
EITB Media
Ama-semeak erredura handiekin Gurutzetako Ospitalean daude ingresatuta. Gizona gela arruntean dago jada, baina emakumea Zainketa Intentsiboen Unitatean dute oraindik, asko hobetu den arren.
Mutrikuko alde zaharreko eraikin batean piztutako sutean larri zauritutako bi pertsonetako bat, gizona, Zainketa Intentsiboen Unitatetik (ZIU) atera da, eta Gurutzetako Ospitaleko gela arrunt batean dago jada, familiako iturriek EITBri jakinarazi diotenez.
Ama-semeak erredura handiak izan zituzten, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zituzten, Erredura Handien Unitatera. Sutea izan eta hiru egunera, han jarraitzen dute; semea, gela arrunt batean, eta ama, oraindik ZIUan. Dena dela, azken egunetan nabarmen egin du hobera.
Sutea igandean jazo zen, ikertzen ari diren arrazoiak tarteko. Barrenkale kaleko 6. zenbakiko azken solairuetan hasi omen ziren sugarrak, eta egitura egurrezkoa izanik, arin zabaldu ziren. Bost pertsona zauritu ziren, bi ospitalera eraman zituzten, eta beste hiruak lekuan bertan artatu zituzten.
Eraikinak kalte material ugari ditu, eta behera etortzeko arriskua omen dago. Hala, teknikariek hura eraitsi ala ez aztertu eta erabaki beharko dute.