Palestina
EAEn dira Gazako 9 haurrak eta emakumea, ostiraletik aurrera osasun laguntza jasotzeko
EITB MEDIA
Gaixoak, senitartekoak ondoan dituztela, harrera-etxeetan daude. Ostiralean ekingo diete tratamenduari, bostek Gurutzetako Ospitalean eta beste bostek Donostiakoan. Nafarroara ere gaur zen heltzekoa arreta behar duen beste adingabe gazatar bat.
Osasun arazo larriak dituzten Gazako bederatzi adingabe eta emakume bat Euskal Autonomia Erkidegoan daude jada, haien senideekin batera, Accem gobernuz kanpoko erakundeak baieztatu duenez.
Arratsaldean iritsi dira gurera, eta harrera-etxeetan hartu dute ostatu. Bihar, ostiralarekin, eramango dituzte Osakidetzako bi erietxera (Gurutzetakoa eta Donostiakoa), han behar duten tratamendua jaso dezaten.
Bederatzi adin txikiko Euskadiko ospitaleetan artatuko dituzte; Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera bost eta Donostia Ospitalean lau. Gainera, azken honetan emakume bat ere artatuko dute.
Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, "ondo" egin dute Madrildik EAErako bidaia (errepidez etorri dira), eta tratamendua hasteko irrikatan omen daude. Accem gobernuz kanpoko erakundeak errefuxiatuei, migratzaileei eta gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonei laguntzen jarduten du.
Foru Erkidegora ere gaur zen heltzekoa osasun laguntza behar zuen beste adingabe gazatar bat; Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan emango diote arta.
2 eta 14 urte bitarteko adin txikikoak dira, eta zauri larriak dituzte Israelek Gazan egindako erasoaldiaren ondorioz, gerrako zauriak, alegia: hezurretan, begietan, garunean eta, askok, erredurak dituzte, ziur asko leherketen ondorioz.
Atzo, asteazkena, hegazkin medikalizatu batean Madrilera iritsi ziren Gazako 15 adin txikiko talde baten parte dira haurrok. Israelen erasoen ondorioz larri daude asko, eta, horietatik 10 gurean izango dira datozen hilabeteetan.
Itziar Astigarraga onkologoak eta Gurutzetako Ospitaleko Pediatriako arduradunak Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean adierazi duenez, adingabeok "nolabaiteko zortea" izan dute; izan ere, horren aburuz, dagoeneko lehen arreta jaso dute Egiptoko erietxeetan, eta, ondorioz, zauriak egonkortu ahal izan dituzte. "Gu beharrezko euskarri guztiak ematen saiatuko gara", gaineratu du.
Gurutzetako Pediatriako buruak azaldu duenez, zauriak aztertu eta gaixo bakoitzaren osasun-laguntza nolakoa izango den zehaztuko dute aurrena, eta, ondoren, beharrezko sendabideak jarri eta jarraipena egin.
Familiei, haurrei eta haien senideei arreta emateko, errefuxiatuen irabazi-asmorik gabeko erakundeek hainbat zerbitzu eskainiko dizkiete: ostatua emango diete, baita oinarrizko premiak ere. Arreta integrala izango da, informazioa eta orientazioa, laguntza psikologikoa eta juridikoa, eta itzulpen- eta interpretazio-zerbitzuak eskainiko baitzaizkie.
Aurreikusten da Gazatik datozen familiei osasun-arreta eta arreta psikosoziala emateko proiektu honek 3 hilabeteko iraupena izango duela.