Bizkaia
Gerra Zibileko obus bat aurkitu dute Lagako hondartzan
Agentziak | EITB Media
Hondarretan erdi lurperatuta aurkitu dute, hondartzaren mendebaldean. Ondoren, Ertzaintzak lau kilo eta 38 zentimetroko luzera duen mortero jaurtigaia indargabetu du.
Ertzaintzak Gerra Zibilaren garaiko 4 kilo eta 38 zentimetroko mortero jaurtigai bat indargabetu du gaur Laga hondartzan, Ibarrangelun (Bizkaia).
13:30 aldera, herritar batek SOS Deiak 112 Larrialdietako Koordinazio Zerbitzuari jakinarazi dio obus bat aurkitu dutela, hondarretan erdi lurperatuta, hondartzaren mendebaldean.
Hasiera batean, Gurutze Gorriko kideek eta hondartzako sorosleek ingurua hesitu dute, Gernika-Lumoko ertzain-etxeko lehen patruilak iritsi arte.
Ertzainek egiaztatu dutenez, lehertu gabeko artilleriako jaurtigai bat zen eta hondarretan erdi lurperatuta zegoen. Une horretatik aurrera, segurtasun-dispositiboa martxan jarri dute eremua hesituta.
Ertzaintzaren artezilariak bertaratu dira, eta, jaurtigaia eremu seguruago batera eraman ondoren, indargabetu egin dute, leherketa kontrolatu baten bidez.
Adituen arabera, 81 mm-ko mortero jaurtigai bat zen, espoleta zuena.
15:30 baino minutu batzuk lehenago, dispositiboa altxatu dute eta egoera bere onera etorri da hondartzan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.