Itxi

ALERTA SUTEENGATIK

Nafarroan "oso handia" edo "muturrekoa" da oraindik sute-arriskua

AGENTZIAK | EITB

Leer en Castellano

Txinpartak eragin ditzakeen jarduerarik egin behar izanez gero, arreta handiz jarduteko eskatu du Foru Gobernuak, indarrean dauden murrizketak gogorarazteaz gain.

Nafarroako suhiltzaileek orain dela egun batzuk Ezkaba mendian, landare sute bat itzaltzen. EFE.

Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren arabera, Nafarroako zati handi batean baso-suteak izateko arriskua "oso handia" edo "muturrekoa" da. Hori dela eta, gaur eta datozen egunetan txinpartak eragin ditzakeen jarduerarik egin behar izanez gero, arreta handiz jarduteko eskatu du Foru Gobernuak.

Hala, Aemetek maila horia ezarri du datozen egunetarako, tenperatura altuengatik; hala, iganderako, 38 graduko maximoak iragarri dituzte erdialdean eta Nafarroako Erriberan, eta 35 gradukoak Pirinioetan.

Abisu horiak astelehenean jarraituko du, 37 gradu harrapatuko baitira isurialde atlantikoan, 38 erdialdean eta Erriberan, eta 36 Pirinioetan.

Foru Gobernuak jakinarazi duenez, tenperatura altuez gain, eguneko hezetasun erlatiboaren beherakada orokorra espero da, eta gaueko hezetasuna aste honetan egunean zehar erregistratutakoa baino txikiagoa izango da.

Hori dela eta, Foru Erkidegoan datozen egunetarako espero diren tenperatura altuengatik baso-suteak izateko arrisku handia dagoela eta, kanpoan arreta handiz ibiltzeko deia egin du.

Hain zuzen ere, Foru Erkidegoko zati handi batean baso-suteak izateko arriskua "muturrekoa" izango da Nafarroa osoan datorren astean, astelehenetik ostegunera gutxienez.

Indarrean dauden murrizketak

Oro har, ezingo da barbakoarik edo erromeriarik egin, ezta material piroteknikorik erabili ere, suteren bat izateko arriskua oso handia edo muturrekoa den bitartean.

Gainera, Nafarroako hegoaldean, irailaren 30era arte debekatuta dago sua erabiltzea aisialdirako, eta horretarako prestatutako lekuak (barbakoak edo kanpoaldean dauden bestelako instalazioak) ere ezingo dira erabili, sute-arriskuaren indizea edozein dela ere.

Halaber, ibilgailu motordunak ezingo dira baso-pistetatik eta landa-bideetatik erabili, baso-suteak izateko arriskua muturrekoa denean, salbuespenak salbuespen.

Ezingo da nekazaritzako makineriarik edo sutea eragin dezakeen ekiporik erabili arrisku-maila gorria badago, erkidegoan 42 graduko edo hortik gorako tenperatura maximoak espero direnean, edo 40koak Pirinioetan.

Nekazaritza- eta baso-lurrak erretzeko (arrazoi fitosanitarioengatik uztondoak, ubideetako eta larrebideetako landaredia edo larre naturalak hobetzeko), administrazioaren baimena beharko da beti, eta ezingo da inolaz ere erreketarik egin sute-arriskuaren indizea oso handia edo muturrekoa bada.

Nola jokatu baso-suterik ikusiz gero

Baso-suterik ikusiz gero, SOS Nafarroari jakinarazi, 112 telefonora deituta, sutearen kokapena eta ezaugarriak zehazteko. Txikia bada, sugarrak oinarritik itzaltzen saiatu, ura, lurra edo zuhaixka-adarrak erabiliz. 

Sutearen tamaina dela eta ezinezkoa bada hurbiltzea, landaretza gutxien dagoen tokitik urrundu, eta alde egin bertatik haizearen kontrako norabidean. Sutetik ihes egin ezin baduzu, erretako gune edo soilgune bat bilatu, ahoz behera etzan eta arropa edo lur bustiarekin estali.