Euskaltzaindia
Jose Antonio Aduriz hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil da
Agentziak | EITB Media
Oiartzuarrak Deustuko Unibertsitatean egin zituen Euskal Filologiako ikasketak. Frantziskotarra eta Jakin taldeko kidea, UZEIn eman zuen lan ibilbidearen zatirik handiena. Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu du Euskaltzaindiak "asko" zor diola.
Jose Antonio Aduriz frantziskotar, Jakin taldeko kide, hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil da, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu du Euskaltzaindiak "asko" zor diola.
Akademiak jakinarazi duenez, Aduriz Oiartzunen (Gipuzkoa) jaio zen 1949ko azaroaren 1ean eta Deustuko Unibertsitatean egin zituen Euskal Filologiako ikasketak. Frantziskotarra eta Jakin taldeko kidea, UZEIn eman zuen lan ibilbidearen zatirik handiena.
Ekarpen garrantzitsuak
Euskaltzaindiaren hainbat egitasmotan parte hartu eta ekarpen garrantzitsuak egin zituen, besteak beste, Akademiaren hiztegia osatzeko irizpideen sisteman. 1991ko urtarrilaren 31n euskaltzain urgazle izendatu zuen Akademiak eta 2018ko apirilaren 27an ohorezko euskaltzain.
Batzorde anitzetan egin zuen lan Euskaltzaindian, besteak beste, Lexiko Irizpideen batzordean, Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoaren batzordean, Hiztegi Batuko lantaldean eta Euskaltzaindiaren Hiztegiko lantaldean.
"Leialtasuna eta apaltasuna"
Andres Urrutiaren hitzetan, "Aduriz ohorezkoaren heriotzaren unean, bi hitz datozkit burura: leialtasuna eta apaltasuna. Asko zor dio Euskaltzaindiak, eta Euskaltzaindiaren hiztegiak bereziki. Langile fina eta asperrezina zen Jose Antonio, euskal lexikografiaren habe gotorra".
Era berean, Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Ikerketa eta Hiztegiaren arduradunak nabarmendu du Euskaltzaindiaren Hiztegia aurrera eramateko ardura izan zuen euskaltzaina izan zela Aduriz, eta "haren isileko lanari esker" gaudela "gaur gauden tokian".