Desagerpena
Panaman aurkitutako gorpua desagertutako emakume bizkaitarrarena dela baieztatu dute bertako agintariek
EITB Media
Bocas del Toroko Fiskaltzak baieztatu du Carenero uhartean topatutako gorpua Eneritz Argintxonarena (30 urte) dela. Autopsiak argitu ahal izan duenez, buruko traumatismo baten ondorioz hil zen. Halaber, Panamako agintariek "balizko egileei buruzko zantzuak" aurkitu dituzte.
Iragan asteburuan Panamako Carenero uhartean aurkitu zuten gorpua pasa den astetik desagertuta zegoen emakume bizkaitarrarena dela baieztatu du Bocas del Toroko Fiskaltzak.
Fiskaltzak ohar bidez jakinarazi duenez, uztailaren 26an Ameriketako herrialde horretan topatutako gorpua Eneritz Argintxonarena (30 urte) da. Panamako agintariek biktimaren eta bere amaren DNA alderatuta lortu dute gorpua identifikatzea.
Panamako Ministerio Publikoak zabaldutako informazioaren arabera, emakumea buruan jasotako kolpe baten ondorioz hil zela argitu du autopsiak. Gauzak horrela, diligentziak abiatu dituzte "erantzuleak aurkitzeko".
Gainera, biktimaren objektu pertsonal batzuk aurkitu dituzte eta balizko egileen inguruko zantzuak aurkitu dituzte.
Emakumea duela astebete, uztailaren 24an, ikusi zuten azkenengo aldiz. Familiak ostiralean jo zuen Ertzaintzarenera eta Panamako agintarietara, jatorriz Erandiokoa den emakumea Panaman desagertuta zegoela salatzeko.
EITBk jakin ahal izan duenez, lanean ari zen Panaman. Carenero uharteko ostatu batean zegoen, Bocas del Toro artxipelagoan.
Panamako Poliziaren Homizidio sailak bere gain hartu zuen ikerketa, eta DNA probak egitea agindu zuen, deskonposizio egoeran zegoela-eta ezinezkoa baitzen hura bestela identifikatzea.
#PGNContraElDelito#Identificación | Fiscalía Regional de Bocas del Toro, mediante pericia de reconocimiento, confirma que el cuerpo de la mujer ubicado en Isla Carenero el 26 de julio coincide con la ciudadana extranjera, reportada desaparecida el 24 de julio en Isla Colón. pic.twitter.com/SIv65seqH3
— Procuraduría General de la Nación (@PGN_PANAMA) July 30, 2024