Itxi

Panama

Panamako Fiskaltzak ukatu du Eneritz Argintxonaren homizidioagatik inor atxilotu duenik

EITB Media

Leer en Castellano

Panamako zenbait hedabidek atxiloketa baten berri eman dute, baina Ministerio Publikoak ukatu egin du. 30 urteko emakume bizkaitarrari egindako autopsiaren arabera, buruan jasotako kolpe baten ondorioz hil zen, eta bertako agintariak homizidio gisa ikertzen ari dira gertaturikoa.

Panamako Poliziaren ibilgailu bat. EITBren bideo batetik hartutako irudia

Panaman pasa den astean hilda agertu zen Eneritz Argintxona bizkaitarraren (Erandio, 30 urte) heriotza homizidio gisa ikertzen jarraitzen dute bertako agintariek, buruan jasotako kolpe baten ondorioz hil zela baieztatu ondoren.

Erdialdeko Amerikako herrialdeko zenbait hedabidek atxiloketa baten berri eman dute, baina Panamako Fiskaltzak EITBri ukatu dio inor atxilotu dutenik.

Orain arte, Panamako agintariek baieztatu dutena da balizko egileen inguruko zantzuak aurkitu dituztela. Gauzak horrela, bertako Ministerio Publikoak diligentziak abiatu ditu "erantzuleak aurkitzeko".

Biktimak zeramatzan motxilaren eta telefono mugikorraren bila ari dira, oraindik ez baitituzte aurkitu. Aitzitik, bere objektu pertsonal batzuk berreskuratu dituzte.

Eneritz Argintxona uztailaren 24an ikusi zuten azkenengo aldiz Carenero uhartean, Bocas del Toroko artxipelagoan. Bi egun geroago, haren familiak bere desagerpena salatu zuen. Uztailaren 26an bertan hilotz bat topatu zuten Carenero uharteko hondartza batean, eta egun batzuetara egiaztatu ahal izan zuten hildakoa emakume bizkaitarra zela. 

Panamako Poliziaren Homizidio sailak bere gain hartu zuen ikerketa, eta DNA probak egitea agindu zuen, deskonposizio egoeran zegoela-eta ezinezkoa baitzen hura bestela identifikatzea. Azkenean, biktimaren eta bere amaren DNA alderatuta lortu zuten gorpua identifikatzea.

EITBk jakin ahal izan duenez, lanean ari zen Costa Rican, eta egun batzuk pasatzen Panaman. Carenero uharteko ostatu batean zegoen, Bocas del Toro artxipelagoan.