Itxi

Trafikoa

Emakume bat hil da GI-636 errepidean, Lezo parean, ibilgailu batek harrapatuta

EITB Media

Leer en Castellano

Ertzaintza ibilgailuaren gidariaren bila ari da, harrapaketaren ostean ihes egin baitu. Ezbeharraren ondorioz, Errenteriako noranzkoko erreia itxi eta zirkulazioa Gi-2638 errepidetik bideratu dute.

Harrapaketa GI-636 errepidean izan da, Lezo parean. Argazkia: EITB MEDIA

Emakume bat hil da gaur Lezon (Gipuzkoa), GI-636 errepidean ibilgailu batek harrapatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez. Harrapaketan nahastutako ibilgailuaren gidariak ihes egin du, eta Ertzaintza haren bila dabil jada. 

Harrapaketa 10:15 aldera jazo da, errepide horretako 7. kilometroan, Gaintxurizketatik gertu. 

Istripuaren berri izan eta berehala, GI-637 errepidera bertaratu dira Gipuzkoako Trafiko Unitatea eta Larrialdi zerbitzuak. Osasun langileak biktima suspertzen saiatu dira, baina azkenean, zauri larrien eraginez, bertan hil da. 

Ezbeharraren eraginez, Errenteriako noranzkoko erreia itxi dute, eta kilometro bateko ilarak sortu dira. Ertzaintzak GI-2638 errepidetik bideratu du zirkulazioa. 

Ertzaintzak ikerketa abiatu du harrapaketaren nondik norakoak argitzeko eta gidaria atxilotzeko.