Ezbeharra Afrikan
Bi emakume bizkaitar, ama-alabak, hil dira Tanzaniako parke natural batean jazotako istripuan
EITB Media
Biak Afrikako herrialdean bidaiatzen ari ziren Getxoko Lomas-Renteria familiako kideak dira. Aita-semeak zauritu dira ezbehar berean, eta Nairobiko ospitale batera eraman dituzte.
Bi emakume bizkaitar, ama-alabak, hil dira Tanzanian (Afrika) gertatutako istripu batean. EITB Mediak familiaren gertuko iturrien bidez jakin duenez, biak Afrikako herrialdean bidaiatzen ari ziren Getxoko (Bizkaia) familia bateko kideak dira. Aita eta 15 urteko semea zauritu dira ezbeharrean.
Hildakoak Elena Renteria (ama) eta Ines Lomas (alaba) dira; zauritutakoak, berriz, Iñigo eta Ignacio Lomas, aita-semeak, hurrenez hurren.
Iñigo Lomasek, abokatua lanbidez, hainbat haustura ditu, baina arriskutik kanpo ei dago. Ignacio semeak saihetsak apurtuta ditu, eta zulatuta izan ditzake birikak; hala, pronostiko larria du. Biak ala biak Nairobiko (Kenya) ospitale batera eraman dituzte.
Bi adingabeek (alabak 17 urte zituen) Ikastetxe Frantsesean ikasten zuten, Zamudion. Ines Lomasek aurten bukatu du Batxilergoa, eta unibertsitatean hasi behar zen irailean. Biek belar hockeyean jokatzen zuten, mutikoak ikastetxean bertan, eta neskak Getxoko Hockey Stick klubean. Taldea "atsekabetuta" dago zorigaiztoko albistearekin.
Getxoko alkatea ere "nahigabetuta"
Amaia Aguirre Getxoko alkateak bere "atsekabea" agertu du Areetako (Getxo) bi herrikideen heriotzaren aurrean, eta familiari bere "dolumin sentituenak" adierazi dizkio.
Udalaren "babes eta prestutasun osoa" azaldu dio familiari, eta "une mingarri hauetan", familiaren intimitatearekiko errespetua eskatu du.
Eusko Jaurlaritzak, halaber, "bere afektu guztia eta doluminik zintzoenak" helarazi dizkio familiari, eta "une zail eta mingarri hauetan behar duten babesa eta laguntza emateko gertutasuna eta prestutasuna" adierazi die.
Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak agintariekin harremanetan jarraitzen du, ahalik eta laguntza gehien eskaintzeko.
Ibilgailua Ngorongoroko kraterraren inguruan amildu zen
Ezbeharraren lekuko izan zen gida batek Radio Euskadin azaldu duenez, istripua igandean gertatu zen Ngorongoroko kontserbazio-eremuan, Afrikako herrialdearen iparraldean. Gidariak ez zuen nahikoa esperientziarik parke naturaleko mendi-bideetan ibiltzeko, eta ibilgailua 600 metrotan behera erori zen, eta, ondorioz, bi emakumeak hil egin ziren.
Espainiako Atzerri Ministerioak bi emakumeen heriotza baieztatu du, eta zehaztu du, halaber, zauritutako aita-semeak Nairobiko (Kenya) erietxe batera eraman dituztela. "Tanzanian eta Kenyan ditugun enbaxadak, tokiko erakundeekin elkarlanean, zaurituei eta horien familiei ahalik eta gehien laguntzen ari dira", esan dute Ministeriotik.
Afrikako herrialde turistikoenetakoa da Tanzania, baita seguruenetakoa ere. Urtero 1,5 milioi bisitari jasotzen ditu herrialdeak, parke naturalak (Derengueti, besteak beste) eta Zanzibar irlako hondartzak erakarrita.