bizkaia
Txorierriko alkateek kexa jarri dute Defentsa Ministerioan aireportutik gertu hegaldi militarrak egiteagatik
EITB MEDIA
Loiu, Sondika, Lezama, Derio, Erandio eta Zamudioko alkateen ustez, aireportu zibil baten gainean ariketa militarrak egitea ez da erabat aproposa. Gehien bat, hegazkin militarrak lurretik gertu pasatzen direlako, soinu handia eraginez, eta hori bizilagunentzat kaltegarria dela salatu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Txorierriko alkateek kexa bat bidali diote Defentsa Ministerioari, hegazkin militarrek Bilboko aireportutik gertu egiten dituzten maniobrak tarteko. Loiun elkartu dira pasa den ekainaren 10 eta uztailaren 24an bi hegazkin militarrek eragindako soinuengatik.
100 dezibeliotik gorakoak izan ziren soinu horiek, hauen hitzetan, eta gaur Loiu, Sondika, Lezama, Derio, Erandio eta Zamudiok Defentsa Ministerioan kexa jarri dutela iragarri dute aurrerantzean, maniobra militarrak errepikatzekotan, jakinaren gainean egon daitezen.
Txorierriko udalek euren haserrea erakutsi dute gaur eman duten prentsaurreko bateratuan, diotenez aireportu zibil baten gainean ariketa militarrak egitea ez delako erabat aproposa. Gehien bat, hegazkin militarrak lurretik gertu pasatzen direlako, soinu handia eraginez, eta hori bizilagunentzat kaltegarria dela salatu dute.
Koordinazio estuagoa eskatu diote Espainiako Defentsa Ministerioari, egun Aire Armadak tokiko agintariei aldez aurretik ez omen dielako abisatzen egingo dituzten maniobra militarren inguruan.
Azken bi hilabeteetan bitan pasa dira hegazkin militarrak Txorierritik, lurretik gertu, eta dagoeneko euren maniobrak ohitura bihurtzen ari direla ohartarazi dute.