Itxi

Mehatxu yihadista

Taylor Swiftek Vienako hiru kontzertuak bertan behera utzi ditu eraso terrorista baten mehatxuagatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Poliziak hiru pertsona susmagarri atxilotu ditu, 19, 17 eta 15 urtekoak. Susmagarri nagusiak ikuskizuna egingo zen estadioaren aurrean immolatzeko asmoa zuen.

Taylor Swift Madrileko kontzertuan, maiatzaren 30ean. Irudia: EITB MEDIA.

Taylor Swiftek asteburuan Vienan (Austria) eman behar zituen hiru kontzertuak bertan behera geratu dira, Gobernuak balizko eraso terrorista bat baieztatu ostean. Austriako Poliziak hiru susmagarri atxilotu ditu, 19, 17 eta 15 urtekoak. Ikertzaileen arabera Estatu Islamikoari leialtasuna zin egin diote. Susmagarri nagusiak aitortu du estadioaren aurrean immolatzeko asmoa zuela, eta lehergai baten fabrikazioa aurreratua zuen. 

Austriako Barne ministroak, Gerhard Karner, esan du "tragedia bat saihestu" dela, baina egoera "serioa" dela.

Egoera horren aurrean, Londresko Polizia Metropolitarrak inteligentziako informazio guztia aztertuko du Taylor Swiftek Londresen emango dituen kontzertuen aurretik. Swiftek Londresko Wembley estadioan joko du abuztuaren 15etik abuztuaren 20ra bitartean. Atentatu terroristaren saiakeraz gain, joan den astean hiru neska hil zituzten Erresuma Batuan, abeslariaren tematikako musika-tailer batean.

"Poliziak inteligentzia informazio guztia aztertuko du, arriskuak ebaluatu eta erabakiak hartuko ditu", adierazi du Diana Johnsonek, Erresuma Batuko Poliziaren Estatu Idazkaria.