Bizkaia
Gizon bat atxilotu dute hilketa delitua egotzita, Gallartan gertatutako borrokagatik
EITB Media
42 urteko gizonak aurrekariak ditu antzeko gertakariengatik. Asteartean pertsona bat hil zen aipatutako borrokarekin lotuta.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du, joan den larunbat goizaldean Gallarta auzoan (Bizkaia) gertatutako hilketa delitua egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Gertakariak joan den larunbatean, abuztuaren 3an, 05:30 aldera jazo ziren, Abanto-Zierbenako Gallarta auzoan, hainbat pertsonaren arteko borroka bat gertatu zenean.
Muskizko ertzainak bertaratu ziren, eta, iritsi zirenean, giroa baretuta zegoen. Horrenbestez, gertakarien lekukoak identifikatu zituzten, eta istiluan parte hartu zuten hiru pertsonetatik bi aurkitzea lortu zuten.
Biktima, 32 urteko gizon bat, alde egin eta etxera joan zen. Ertzainek berarekin telefonoz hitz egitea lortu zuten, eta osasun-laguntza eskaini zioten, baina hark uko egin zion.
Asteartean, hilak 6, pertsona bat hil zen aipatutako borrokarekin lotuta, eta Ertzaintzak ikerbidea abiatu zuen.
Gertakariaren ustezko egilea identifikatuta zegoenez, hura aurkitu eta atxilotu egin dute, gaur, ustezko hilketa-delitu bat leporatuta. 42 urteko gizonak aurrekariak ditu antzeko gertakariengatik.
Atxilotua ertzain-etxean dago, dagozkion eginbideak amaitu zain.