Harrapaketa
Zuhurtziagabekeriazko hilketagatik ikertzen ari dira Lezon hildakoa eragin zuen gidaria
Agentziak | EITB Media
GI-636 errepidean izandako istripuaren ostean, gidariak lekutik alde egin zuen.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du asteartean Lezon (Gipuzkoa) izandako istripuan ihes egin zuen gidariaren inguruan. Zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren eta gertakarien lekutik alde egitearen ustezko egilea delakoan ikertzen ari dira.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 10:15ean gertatu zen. 73 urteko emakume bat hil zen, kamioi batek harrapatuta, GI-636 errepidean.
Istripuaren ondoren, inplikatutako gidariak alde egin zuen, eta, ondorioz, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen ihes egindako ibilgailua identifikatzeko. Ordu batzuk geroago, Ertzaintzak ihesari emandako ibilgailua identifikatzea lortu zuen. Gidaria bera joan zen ertzain-etxera, istripuan parte hartzeagatik haren bila zebilela jakin zuenean.