Indarkeria matxista
Bi emakumek sexu-erasoak salatu dituzte Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan
Agentziak | EITB Media
Udalak indarkeria matxista kasuei erantzuteko protokoloa jarri du martxan, eta elkarretaratzea deitu du ostiralerako, 11:00etan, Plaza Berrian.
Bi emakumek sexu-erasoak salatu dituzte Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan. Hori dela eta, Udalak indarkeria matxista kasuei erantzuteko protokoloa jarri du martxan, eta erasoak gaitzesteko elkarretaratze bat deitu du ostiralerako.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bi emakumek aurkeztu dituzte salaketak azken egunetan, oraingoz ez dute atxiloketarik egin horiekin lotuta, eta Ertzaintza bi kasuak ikertzen ari da.
Salaketa horien berri izan duenean, Gasteizko Udalak adierazpen instituzional bat onartu du. Erasoak "gogor" gaitzetsi ditu, eta "biktimekiko eta haien hurbilekoei babesa" adierazi die, behar dituzten baliabide guztiak eskainiz.
Elkarretaratzea
Era berean, Udalak horrelako kasuei erantzuteko protokoloa jarri du martxan, eta bost minutuko elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako, 11:00etan, Plaza Berrian.
Bestalde, Udalak iragarri du bat egiten duela Mugimendu Feministak deitutako protestekin, eta herritar guztiak ere horietan parte hartzera animatu ditu.
Bere adierazpenean, Udalak azpimarratu du "indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria eta lehen mailako arazo soziala" dela, eta konpromisoa hartu du "bere eskumenak baliatuz indarkeria matxistarik gabeko bizitza bermatzeko".
Orain arte, Andre Maria Zuriaren jaietan sexu-eraso kasu bakarra salatu izan da joan den asteartean, Udaltzaingoak 24 urteko gazte bat atxilotu zuenean adingabe bati ukituak egiteagatik Andre Maria Zuriaren plazaren inguruan.