Itxi

ANDRE MARIA ZURIAREN JAIAK

Gasteizek agur esango dio gaur Zeledoni, sei eguneko jaien ostean

EITB MEDIA

Azken eguna iritsita, Zeledonen Igoerak ekarriko du Arabako hiriburuko jaien amaiera. Ekitaldi osoa, zuzenean, 00:30etik aurrera eitb.eus-en.

Azken eguna iritsita, Zeledonen Igoerak ekarriko du Arabako hiriburuko jaien amaiera. Argazkia: EFE.

Zeledonen Igoerak amaitutzat emango ditu gaur Gasteizko jaiak, Arabako hiriburuko kaleak girotu dituzten 400 ekitaldi baino gehiago eskaini ostean.

Iñaki Kerejazu Zeledon berriak Gorka Ortiz de Urbinaren lekukoa hartu du aurten euskal hiriburuko jaiei hasiera emateko. Hala, Hegotarrak kuadrillako kidea ospakizunen sinbolorik esanguratsuena izango da hurrengo 5 urteetan.

Aldarrikapenez betetako ekitaldi batean, jaien lehen egunean, Zeledon berriak gogoan izan zituen "gurekin ez daudenak", "Gora Zeledon" eta "Gora Gasteiz" oihuen artean.

Horrenbestez, Andre Maria Zuriaren plaza jendez lepo zegoela, abuztuaren 4ko arratsalde beroak abiatu zuen sei egun iraun duen festa giroa.

Ostiralean, jaietako azken eguna iritsita, Zeledon San Migel elizako dorrera itzuliko da. Baserritarrak, euritakoa eskuan, hegan egingo du berriro ere Andre Maria Zuriaren omenezko jaien amaiera markatzen duen ekitaldian.

Zeledonen Igoeraren ekitaldi osoa, zuzenean, 00:30etik aurrera eitb.eus-en.

Eraso sexualak

Beste urte batez, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan sexu-erasoek bere lekua izan dute, tamalez. Gertatutako horien aurrean, Udalak indarkeriaren aurkako protokoloa jarri du martxan, eta elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako.

Ekitaldia Arabako hiriburuko Plaza Berrian izan da, 11:00etan. Mugimendu Feministak berak gaitzespen-ekitaldi guztietan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.

Informazio gehiago (1)