Itxi

Trafikoa

Honela eragingo dio Donostiako Klasikoak hiriburuko zirkulazioari

EITB Media

Leer en Castellano

Abuztuaren 10ean jokatuko da, eta Donostiako Aste Nagusiaren hasierarekin bat egiten duenez, ibilbide berria izango du.

Donostiako Klasikoaren artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Larunbat honetan, abuztuaren 10ean, jokatuko da Donostiako Klasikoa. Txirrindularitza probak hainbat mozketa eragingo ditu hirian, batez ere erdialdean eta Igeldon. Zurriolan hasi eta amaituko da lasterketa.

Lasterketa 10:46an aterako da Zurriola hiribidetik, eta 17:00ak aldera bukatuko da, toki berean. Hori dela eta, 07:30 eta 20:00ak bitartean, Zurriola hiribidea guztiz itxita egongo da, bi noranzkoetan.

Lasterketak bi aldiz zeharkatuko du hiria. Horrek trafikoan eragina izango du, batez ere 10:15etik 11:00etara eta 14:00etatik 17:30era.

Aldaketak izango dira Igeldorako igoeran, Pilotegitik egingo baita aurten. 10:30 eta 15:30 bitartean, baimendutako ibilgailuak, auzokoak, inguruko jatetxeetan edo kanpinean erreserba duten pertsonak eta zerbitzu horietako langileak soilik igaro ahal izango dira Igeldotik. Igeldo eta Cristobal Balenciaga pasealekuak trafikorako erabat itxita egongo dira 15:30etik 17:00etara, bi noranzkoetan. Baliteke ordutegi hori zertxobait aldatzea, lasterketaren bilakaeraren arabera. Bestalde, Oriotik Igeldoko kanpinera doan errepidea irekita egongo da, bi noranzkoetan.

Trafiko aldaketek garraio publikoko lineetan eta beste garraio mota guztietan izango dute eragina.