Jaiak
Kanoikada jendetsuak eman dio hasiera Donostiako Aste Nagusiari
eitb media
19:00etan puntu-puntuan hasi da festa Donostian, 'Artillero, dale fuego' abestu eta jaiei hasiera ematen dien kanoikada botata. Etenik gabeko zazpi eguneko jaiak dituzte aurretik donostiarrek, eta ehunka ekitaldi gustu guztietarako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Lehertu da festa Donostian, Aste Nagusia hastearekin batera. Alderdi Eder jendez lepo zegoela eta begi guztiak festei hasiera emango zien kanoiari begira zeudela abiatu ostean, etenik gabeko zazpi eguneko jaiak dituzte aurretik donostiarrek.
19:00etan puntu-puntuan, Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariek 'Artillero, dale fuego' abestu eta kanoikada botata abiatu dituzte jaiak. Horrela, Bera Berako neskek aurten egindako denboraldi "itzela" goraipatu nahi izan du Udalak, Guerreras Liga, Erreginaren Kopa eta Iberiar Superkopa irabazi baitituzte.
Aurten, abuztuaren 10etik 17ra bitartean izango da Aste Nagusia. Guztira, adin eta gustu guztietarako 376 kultur eta kirol ekitaldi antolatu dituzte hiriko hainbat kale eta plazatan.
Ekitaldi jendetsuenak, ohi bezala, Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa eta Saguesko gaueko kontzertuak izango dira. Bertan arituko dira Amparanoia, La La Love You, Nil Moliner, Nogen, Esne Beltza eta Los Zigarros.
Berotik hasi dira festak Gipuzkoako hiriburuan, eta horrela jarraituko dute igandean ere; izan ere, abisu laranja ezarri dute tenperatura altuengatik. Hori dela eta, Udalak iragarri du kalean lan egiten duten langileak babesteko neurriak indartuko direla eta jaietarako aurreikusita dauden ekitaldien ordutegia aldatuko dutela, behar izanez gero.