Alerta laranja
40 graduko tenperaturak gainditu dira Hego Euskal Herriko puntu askotan
EITB MEDIA
Eguneko iragarpenak bete egin dira, eta tenperatura maximoek markak hautsi dituzte Euskadiko eta Nafarroako udalerri askotan. Arratsaldean zehar, berriz, tenperaturek behera egingo dute, eta 20:00etatik aurrera enbata sartuko da eta 10 ºC-ko minimoak izango dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
40 graduko tenperaturak gainditu dira igande honetan Hego Euskal Herriko eta isurialde atlantikoko toki askotan, errekorra ere gainditu baita zenbait lekutan. Hala, bero-boladak alerta laranja aktibatzea eragin du Euskadin eta Nafarroan, eta 21:00ak arte izango da indarrean. Izan ere, 20:00etatik aurrera enbata espero da, eta, horrekin batera, tenperaturek beherakada bortitza izango dute eta 10 graduko minimoak izango dira.
Ikusi hemen norbera eta pertsona zaurgarriak berotik babesteko gomendioak.
Astebururako egindako iragapenak bete egin dira. Gau bero baten ondoren, Hego Euskal Herriak udako egunik bero eta itogarrienetako bati egin dio aurre gaur.
Tenperaturek gogor egin dute gora arratsaldeko lehen orduetan. Herri askotan, 35 gradutik gorako tenperaturak harrapatu dira arratsaldeko lehen orduetan, eta gora egiten jarraitu dute. Termometroek 40 ºC-tik gorako tenperaturak markatu dituzte isurialde atlantikoaren barnealdean, eta 27-28 gradukoak Gorbeiako tontorrean, besteak beste.
Horrela, 16:00ak aldera izan ditugu tenperaturarik beroenak, eta hainbat udalerritan 40 graduko tenperatura maximoa gainditu dute. Hauexek izan dira beroenak:
- Gardea (Laudio): 42,8 ºC
- Galindo (Sestao): 42,4ºC
- Sodupe (Cadagua): 42,6 ºC
- Jarralta (Sopuerta): 42,3 ºC
- Arteaga: 42,2 ºC
- Zizurkil: 42,2 ºC
- Galdakao: 42 ºC
- Balmaseda: 41,5 ºC
- Arrasate: 41,4 ºC
- Derio: 41,3 ºC
- Orozko: 41,2 ºC
- Ibai Eder (Azpeitia): 41,4 ºC
- Zorrotza (Bilbo): 41 ºC
- Galea (Getxo): 40,1 ºC
- Herrera (1188 m): 31,4 ºC
Hala ere, ipar-mendebaldeko haizeak giroa freskatuko du arratsalde amaierako kostaldetik barnealdera. 20:00etatik aurrera, enbata sartuko da, eta tenperaturak 10 ºC-raino jaitsiko dira. Arabako Errioxan, aldiz, tenperatura altuek gauera arte iraungo dute. Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du enbatagatik 20:00etatik 23:00etara.
Nafarroako bizilagunek tenperatura itogarriak jasan behar izan dituzte: 41 ºC-ra iritsi dira Erriberan, 39 ºC-ra erdialdean eta 38 ºC-ra Pirinioetatik gertuko udalerrietan. Horrekin batera, baso-suteak izateko arrisku "oso handia" edo "muturrekoa" izango da egun osoan zehar. Hauek izan dira Nafarroako udalerririk beroenak:
- Viana: 42 ºC
- Lodosa: 42 ºC
- Kaseda: 41,6 ºC
Tenperaturek bero jarraituko dute astelehenean ere, eta abisu horia aktibatuko dute gauerditik 20:00ak arte.
Babeslekuak Laudion
Laudioko Udalak elizaren eta udal igerilekuen ordutegia luzatu du, "aurreikusitako tenperatura altuei aurre egin ahal izateko".
Eliza 08:00etatik 22:00etara egongo da zabalik, herritarrek beroari aurre egiteko modua izan dezaten. Udal igerilekuek, bestalde, ixteko ordua atzeratu, eta 1,45 euroko prezio berezia izan dute.
Gainera, udaletxeko osoko bilkuren aretoa ere zabaldu dute.
Getxo, kirolean aldaketak
Getxok urteko kirol hitzordu garrantzitsuenetariko bat izan du gaur: Getxoko Zirkuitua. Antolatzaileek kontuan izan dute tenperatura altuengatik aktibatu den alerta, eta lasterketaren ibilbidea laburtzea eta abiatzeko ordua atzeratzea erabaki dute, beroari aurre egiteko.
Horrela, Punta Galea Txirrindulari Elkarteak ibilbideak dituen zazpi itzulietatik bat kentzea erabaki du; 24,3 kilometro gutxiago, alegia. Beraz, txirrindulariek 196,5 kilometro egin beharrean 172,2 kilometro egin behar izan dituzte.
Horrekin batera, irteera-ordua 45 minutu atzeratu dute.
Donostiako Aste Nagusi "itogarria"
Kanoikadaren suak ongietorria eman dio Gipuzkoako hiriburuko Aste Nagusiari, eta biharamunean izan da beroaldia punturik gorenean. Jon Insasuti Kultura zinegotziaren esanetan, sarri izan dira bero handiagatik alertak Aste Nagusian, eta, beraz, beroari aurre egiteko neurriak aurreikusita dituzte.
Zinegotziaren arabera, "behar den tokietan neurri zehatzak hartuko dira", kalean lan egiten duten langileei kasu berezia eginda.
Erraldoi eta buruhandien kasuan, errotazio gehiago egongo dira horiek daramatzaten pertsonen artean, Zurriola pasealekuan eta Gros inguruan ibili baitira.