Nafarroa
Belateko eta Almandozeko tunelak itxita egongo dira gaurtik hasi eta urriaren 31ra bitartean
Agentziak | EITB Media
Bi hilabete eta erdi horietan, trafikoa NA-1210 errepidetik bideratuko dute, eta kamioiei A-15a eta AP-15a erabiltzea gomendatu diete. Tunelaren galeria bikoizteko lanak aurrera doaz, eta, segurtasuna tarteko, aldi batez ixtea ebatzi du Nafarroako Gobernuak.
Nafarroako Gobernuak N-121-A errepideko Belateko eta Almandozeko tunelak itxiko ditu gaurtik (abuztuak 19) urriaren 31ra bitartean, Belateko tunela bikoizteko lanek eraginda.
Pasa den astean, Oscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak eta Pedro Andres Lopez Obra Publikoetako zuzendariak iragarri zuten lanek irauten duten bitartean trafikoa NA-1210 errepidetik bideratuko dela. Halaber, ibilgailu astunak A-15 eta AP-15 errepideetatik joatea gomendatu dute.
Tunelak aldi baterako ixteko erabakia hegoaldeko ahoko obrek aurrera egin dutelako hartu da, zehazki, hegoaldeko isurialdean lur erauzketak egin behar direlako. Indusketak N-121-A errepidearen ondoko hegalean egingo dira eta, hori dela eta, bide- eta lan-segurtasuna bermatu nahi da.
Chivite kontseilariak inguruko udalerrietako alkateekin eta inplikatutako eragileekin iragan asteartean Elizondon izandako bileran azaldu zuenez, "helburua segurtasuna zaintzea, lanak arintzea eta Belateko tunela bikoizteko obrek eragindako eragozpenak gutxitzea da, 20 urteko aldarrikapenen ondoren, martxan baitaude".
Bestalde, Nafarroako Gobernuak NA-1210 errepidea egokitu du, trafiko astuna bertatik igaroko delako.