Euriteak
Nafarroako Erdialdea, ekaitzek gehien astindutako eskualdea
EITB Media
Guardia Zibileko herritarren segurtasunerako patruilak alerta egoeran daude ibaiek gainezka egin dezaketelako, batez ere Tafallan, Caparroson, Mirandan, Azkoienen eta Funesen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaur arratsaldeko ekaitz bortitzak direla eta, hainbat gorabehera izan dira Nafarroako Foru Erkidegoko errepide sarean, eta gehien astindutako eskualdea Erdialdea izan da.
Guardia Zibileko herritarren segurtasunerako patruilak alerta egoeran daude ibaiek gainezka egin dezaketelako, batez ere Tafallan, Caparroson, Mirandan, Azkoienen eta Funesen.
Artaxoa eta Tafalla arteko errepidea itxi dute 16-18 kilometroen artean, eta, ondoren, berriro ireki dute.
Vianako Las Cañas merkataritza-gunerako sarbideetako bat itxita dago. Suhiltzaileek hiru pertsona erreskatatu dituzte aipatutako merkataritza-gunean ibilgailu batean harrapatuta zeudela. Horietako inork ez du arreta medikorik behar izan, suhiltzaileek sare sozialetan jakinarazi dutenez.
Vianako suhiltzaileek lurpeko garajeak eta igogailuetako hutsuneak aztertu dituzte, eta merkataritza-gune horretan urak hartu duen eremua libratzera joan dira.
Bestalde, Mutiloako Aranguren Ibarreko plazako hustubideak buxatu direnez, zirkulazioa beste bide batzuetatik bideratu behar izan da.
Foru Erkidegoko hainbat puntutan metro koadroko 30 litro baino gehiago pilatu dira, hala nola Getadarren eta Abodin. Getadar da eurite handiena jasan duen tokia, 41 litro, Estatuko Meteorologia Agentziak bildutako datuen arabera. Abodin 30 litro bota ditu, Lizarran 20, Bardean 13,3 eta Izaban 12,8.
Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak ere antzeko eguraldia aurreikusi du Nafarroan, eta han ere, abisua ezarri ditu. Foru lurralde osoa dago abisupean (erdialdea, Pirinioak eta Kantauri isurialdea), eta Erriberan are mardulago botako duela aurreikusita (30 litro metatzea espero dira), alerta laranja ezarri du 14:00etatik hasita gauerdira arte. Halaber, beste alerta bat aktibatu du ekaitz arriskuagatik. Abisu horiak gaurko 14:00etatik asteazkenera arte (14:00) egongo dira indarrean.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 18:00etatik aurrera aktibatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak prezipitazio handiagatik ezarritako abisu horia, eta asteazkeneko 09:00ak arte mantenduko du. Euskalmeten arabera, ordubetean 15 litro pila daitezke metro koadroko.
Tarte horretan, zaparrada ertainak bota ditzake, zenbait lekutan handiak eta trumoitsuak izan daitezke, bereziki hegoaldean eta ekialdean. Zaparradekin batera, noizean behin txingorra (1-2 cm) egin dezake.
Arabako Moreda udalerriko estazio meteorologikoak 10 litro/m2 jaso ditu arratsaldean, 20 minutuan, eta 61 kilometro orduko haize-boladak izan dira. Ekaitzak Arabako hegoaldetik igaro dira eta haizea indartu egin da, Euskalmetek jakinarazi duenez.
Sondikan (Bizkaia), metro koadroko 27 litro baino gehiago bota ditu ordu erdian, eta Portugaleten, turista koadrila bat harrapatuta geratu da Zubi Esekian, eta erreskatatu egin behar izan dituzte.