Itxi

ALARMA GORRIA

Dozenaka hegaldi bertan behera, uholdeak eta errepideak itxita Balearretan, goi geruzetako depresioa tarteko

AGENTZIAK| EITB Media

Leer en Castellano

Autonomia-erkidegoak muturreko arriskupean jarraitzen du, gaurko aurreikusitako euriteengatik. Balearretako Larrialdi Zerbitzuak erne egoteko gomendioa eman die herritarrei, datozen orduak "kritikoak" izango direlakoan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Balearretako autonomia-erkidegoak alarma gorrian jarraitzen du, muturreko arriskuan, ostegun honetan berriro izango diren euriteen aurrean. Aemeten aurreikuspenaren arabera, metro koadroko 180 litro pila daitezke lau ordutan zenbait lekutan. Balearretako Larrialdi Zerbitzuak erne egoteko deia egin die herritarrei, datozen orduak "kritikoak" izango direla uste baitute; antza, okerrena, 15:00ak arte espero da.

Testuinguru horretan, lehen orduan Bilboko Aireportutik Mahongo aireportura (Menorca) abiatu den hegaldi bat Loiura itzuli behar izan da.

Aenaren datuen arabera, Bilbotik Menorcarako hegaldia atzerapenarekin aterako da, eta Volotea konpainiaren Bilbotik Palmarako hegaldia 13:30era atzeratu da.

Menorcan, Bartzelonarako irten behar zuen hegaldi bat bertan behera geratu da, eta dozenaka daude atzeratuta Balear Uharteetako aerodromoan.

Bestalde, Palmako aireportuan ere atzerapenak izaten ari dira eta lau hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte.

Azken orduetan izandako zaparradek eta ekaitzek uholdeak eragin dituzte hainbat puntutan. Manacorreko (Palma de Mallorca) auditorioko sotoa urez bete da, eta hainbat errepide itxi behar izan dituzte, urak hartuta baitaude. Mallorcako agintariek autoa ez hartzeko gomendatu dute.

Alarma Mallorca uhartearen iparraldean eta ipar-ekialdean dago, eta prezipitazioak bereziki handiak izango dira, baina artxipelagoko uharte guztiak alerta laranjan daude (arrisku handia), euriteengatik.

Uhartearen gainerakoan, eta Menorca, Eivissa eta Formenteran, euriteak oso handiak izango dira: ordubetean metro koadroko 50 litro botako ditu, eta 2 edo 3 orduan 150 litro.

Mallorca eta Menorca uharteetan, gainera, maila horiko abisuak daude kostaldeko fenomenoengatik, haize zakarragatik (orduko 50 kilometro) eta olatuengatik (bi metroko olatuak), eta Aemetek ohartarazi du ekaitza izanez gero haize-boladak orduko 100 kilometrora irits daitezkeela.

Euriteengatik ezarritako alertaz gain, abisu horia ezarri dute Balear Uharteetako uharte guztietan izango diren ekaitzengatik. Halaber, ostiralera arte aire zabaleko jarduera guztiak debekatu dituzte.

Bideoak (1)