Denboralea
Goi geruzetako depresioa ahuldu egin da, baina Balear Uharteak gogor astintzen ari da oraindik
AGENTZIAK| EITB Media
Azken orduetan Mediterraneoko kostaldeko hainbat leku gogor astindu dituen depresioa ahultzen eta Italiara mugitzen hasi da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Azken orduetan Mediterraneoko kostaldeko hainbat leku gogor astindu dituen goi geruzetako depresioa ahultzen eta Italiarantz mugitzen hasi da, baina gogor astintzen ari da oraindik Balearretako artxipelagoa.
Asteazkenean izandako euriteen eta haizete gogorren ostean (zenbait puntutan erregistro historikoak utzi zituzten), Balear Uharteetako erkidegoa alerta "gorrian" (muturreko arriskua) izan da gaur berriro, prezipitazio handiak direla eta. Estatuko Meteorologia Agentziaren (Aemet) arabera, metro koadroko 180 litrora irits daiteke lau ordutan.
Hala ere, alerta "gorria" dagoeneko desaktibatu dute. Depresioa Mallorca uhartearen iparraldean eta ipar-ekialdean fokalizatu da, baina uharte guztiek (Mallorca, Menorca, Eivissa eta Formenterako gainerako uharteak) maila laranjako abisuak (arrisku handia) dituzte euriteengatik, eremu handietan metro karratuko 25 litro pilatuko baitira ordubetean.
Azken orduetan izandako zaparradek eta ekaitzek uholdeak eragin dituzte hainbat puntutan. Manacorreko (Palma de Mallorca) auditorioko sotoa urez bete da, eta hainbat errepide itxi behar izan dituzte, urak hartuta baitaude. Mallorcako agintariek autoa ez hartzeko gomendatu dute.
Testuinguru horretan, lehen orduan Bilboko Aireportutik Mahongo aireportura (Menorca) abiatu den hegaldi bat Loiura itzuli behar izan da.
Aenaren datuen arabera, Bilbotik Menorcarako hegaldia atzerapenarekin aterako da, eta Volotea konpainiaren Bilbotik Palmarako hegaldia 13:30era atzeratu da.
Menorcan, Bartzelonarako irten behar zuen hegaldi bat bertan behera geratu da, eta dozenaka daude atzeratuta Balear Uharteetako aerodromoan.
Bestalde, Palmako aireportuan ere atzerapenak izaten ari dira eta lau hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte.