MIGRATZAILEENTZAKO LAGUNTZA
'Aita Mari'ren misioa arriskuan dago, PP-Vox Valentziako Gobernuari 63.000 euro ordaindu behar dizkiolako
AGENTZIAK | EITB MEDIA
SMHk adierazi duenez, "Voxen aspaldiko erreklamazioa zen laguntza humanitarioko ontziak Valentziako portuetatik kanporatzea", eta "lehen ekintzetako bat" izan da "araudia aldatzea, tasa salbuetsiak kobratzeko".
Itsas Salbamendu Humanitarioak (SMH), Aita Mariren ardura duen gobernuz kanpoko erakundeak, legea "bihurritzea" leporatu dio Valentziako Gobernuari, horrelako ontziek ordaindu behar ez zituzten etapako portu-tarifen 63.000 euro eskatu dizkielako, eta horrek Mediterraneo erdialdeko itsasontziaren "hurrengo misioak asko zailduko ditu".
SMHk ohar batean adierazi duenez, "Voxen aspaldiko erreklamazioa zen laguntza humanitarioko ontziak Valentziako portuetatik kanporatzea", eta "PPrekin koalizio-gobernua osatzeko egin duen lehen ekintzetako bat araudia aldatzea izan da, orain arte zegoen tasen salbuespena kenduz".
Horrek salatutakoaren arabera, "horrekin pozik ez, eta faxismoaren tradiziorik garbienean, legea bihurrituz, legezkoa ez dena legezkoa izan dadin, atzeraeraginezko eraginarekin aplikatzeko asmoa du", azken lau urteetako tasen likidazioa eginda, 2021era arte. "Beraz, orain ordaindu egin behar dugu, ez ordaintzeagatiko errekarguak eta gure itsas agenteek ogasun publikoaren aurrean dituzten abalen enbargoa saihesteko. Likidazio horren zenbatekoa, orain arte eta errekargurik gabe, 63.300 eurokoa da Aita Mari itsasontziarentzat bakarrik", azaldu du.
Gipuzkoako gobernuz kanpoko erakunde horrek azpimarratu duenez, azken urteotan, erreskateko flota zibilak "babeslekua" aurkitu du Valentziako Generalitateko portuetan.
"Hauek dira eskuin muturraren agenda arrazista eta xenofoboa islatzen duten gertakari zehatzak. Bertan, denak balio du bere helburuak lortzeko, beraiek erabakitzen dute nor biziko den eta nor hilko den, zein bizitza sakrifikatu behar diren, zein laguntza humanitario den baliagarria eta zein oztopatu eta kriminalizatu behar den", adiearzi du gobernuz kanpoko erakundeak. Aita Mariren hurrengo misio solidarioa urrian izango da.
Melgosak gutuna bidali dio Valentziako Gobernuari
Bestalde, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak "kezka handia" agertu du Valentziako Gobernuak egindako eskakizun horren aurrean.
Valentziako Generalitateko bigarren presidenteorde eta Gizarte Zerbitzu, Berdintasun eta Etxebizitza kontseilariari bidalitako gutun batean, Melgosak azaldu dio Jaurlaritzaren ustez likidatutako tasak salbuetsita egongo liratekeela Portuko Tarifei buruzko martxoaren 31ko 1/1999 Legearen 4.2 artikuluaren aldaketaren babesean.
Hala, Eusko Jaurlaritzako sailburuak espero du konponbidea ematea "gure ustez gaizki-ulertu batek eragindako egoera horri".