ASTE NAGUSIA 2024
Pirotecnia Valencianak irabazi du berriz ere Donostiako Su Artifizialen Lehiaketaren Urrezko Maskorra
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ostegunean eskaini zuen irabazleak bere ikuskizuna. Zilarrezko Maskorra Madrilgo Vulcano Pirotekniarentzat izan da eta Brontzezkoa Erresuma Batuko Illusion Fireworksek eskuratu du. Super Amara Gazte Epaimahaiaren Saria ere Illusion Fireworksek irabazi du.
Bigarren urtez jarraian, Pirotecnia Valencianak eskuratu du Donostiako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren Urrezko Maskorra. Ostegunean eskaini zuen bere ikuskizuna, eta EITB Nahieran atarian ikus daiteke oraindik.
Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, 59. edizio honetako bigarren saria, Zilarrezko Maskorra, Madrilgo Vulcano pirotekniarentzat izan da, eta hirugarrena, brontzezkoa, Illusion Fireworksek (Erresuma Batua) lortu du. Super Amara Gazte Epaimahaiaren Saria ere Illusion Fireworksek irabazi du.
Lehiaketara aurkeztutako bilduma guztien "maila altua" nabarmendu du Epaimahai Ofizialak, baita "piroteknian egiteko modu ezberdinak" erakutsi dituztela ere.
"Valentziar gaztelu tradizionalarena da egitura, baina edukiak oso desberdinak dira, piroteknia etxe bakoitzeko argiak, soinua, koloreak eta berezko efektuak oso ezberdinak baitira", zehaztu du Udalak oharrean.