Itxi

Polizia-operazioa

Maskoten salerosketan iruzurra egiten zuen talde bat desegin dute Bizkaian

eitb media

Leer en Castellano

Internet bidez aritzen ziren eta Nafarroan jaso dira salaketa gehienak. Guardia Zibilak sare honetan inplikatutako 9 pertsona identifikatu ditu.

Iruzurgileak kutxazainetik dirua ateratzen. Ikerketa iturriek utzitako irudia.

Interneteko atarien bidez egindako maskoten erosketekin lotutako hainbat iruzurretan nahastutako talde bat desegin du. Bizkaiko hainbat udalerritan bizi diren 9 pertsona identifikatu dituzte, zazpi iruzur-delitu, kapitalak zuritzeko delitu bat eta talde kriminaleko kide izatearen delitu bat egotzita.

Identifikatutako zazpi pertsona, 21 eta 28 urte bitarteko hiru gizon eta lau emakume, epailearen esku utzi dituzte, ikertu gisa. Beste bi pertsona desagertuta daude eta auziaz arduratzen ari den Agoizko Instrukzioko Epaitegiak bilaketa- eta atxilotze-agindua zabaldu du.

Operazioa 2022ko maiatzean jarri zen martxan Nafarroan, internet bidezko txakurkumeen erosketetan egindako iruzurrak medio jarritako salaketak ugaritu ondoren.

Taldeko kideek plataforma ezagunetan maskotak saltzeko edo adoptatzeko iragarki faltsuak argitaratzea zituzten. Biktimen arreta bereganatu ondoren, hauen konfiantza irabazten zuten txakurkumeen irudiak bidaliz eta, ondoren, Bizum bidez edo banku-transferentzia bidez hainbat ordainketa egiteko eskatzen zieten. Behin dirua jasotzen zutenean, delitugileek biktimekin harremana eteten zuten, eta haiek ez zuten inoiz animalia jasotzen.

Argitaratutako iragarkietako bat. Ikerketa iturriek utzitako argazkia.


Ikerketa burutu duten agenteek biktimek egindako banku-transferentziak eta Bizum mugimenduak aztertu dituzte, baita iruzurgileek dirua jaso zuten kutxazain automatikoen segurtasun-irudiak ere.