Alardea
Jaizkibelek konpainia gisa hartuko du parte lehen aldiz Hondarribiko Alardean
eitb media
Orain arte manifestazioa egiteko baimena eskatuta irten izan dira kaleetara. Hala ere, Jaizkibel konpainiako Izaskun Larruskainek adierazi du kanpotik begiratuta litekeena dela aldaketarik ez nabaritzea. Ostiralean elkartuko dira etorkizuneko erabakiak hartzeko.
Ia hiru hamarkadatan zehar borrokan aritu ondoren, Jaizkibelek konpainia gisa desfilatu ahal izango du irailaren 8an Hondarribian egingo den Alardean, Igor Enparan alkateak baimena eman baitie. Horrela, Udalak Jaizkibel onartu du Alardean, 1680an foru miliziek frantsesen aurka lortutako garaipena gogora ekartzen duen eszenaratzean, ateratzen diren konpainietako bat bezala.
Orain arte, Jaurlaritzako Segurtasun Sailari manifestazio gisa irteteko baimena eskatuta atera ahal izan dira Hondarribiko kaleetara. Urte hauetan, hainbat aldiz eskatu izan diote baimena Udalari konpainia gisa irteteko, Jaizkibel konpainiako Izaskun Larruskainek EITB Taldeko irratiei adierazi dienez, baina batzuetan ez dute erantzunik jaso eta beste batzuetan beste kale batzuetatik desfilatzeko baimena jaso dute. Hori horrela, azken urteetan ez dute egun horretarako baimenik eskatu Udalean, eta manifestazio gisa atera izan dira.
Inflexio puntua iaz etorri zen, udal hauteskundeen ondoren. Abotsanitz plataformak hartu zuen EAJren erreleboa, eta alkateak baimena eskatzeko gomendioa egin zien. Horrez gainera, Guadalupen egiten den elizkizunean lekua gorde zien, beste konpainiei bezala. Hala ere, "ez ginen ausartu", aitortu du Larruskainek: entseguetarako baimena Udalean eskatu zuten, baina Alarde egunerako eskaera Segurtasun Sailean egin zuten.
Hainbat elkarrizketaren ondoren, ordea, aurten pauso bat aurrera egin, eta baimena eskatu dute. Udalak onartu egin du, eta konpainia gisa atera ahal izango dira.
Erabaki "historiko eta sinbolikoa" dela adierazi du Jaizkibeleko ordezkariak. "Historikoa da lehen aldiz herriak onartu egin duelako Jaizkibel eta bere lekuan jarri duelako", esan du. Aldiz, "sinbolikoa" ere badela uste du, "ez dugulako gure helburua lortu: gure helburua ez da konpainia bat gehiago izatea; hori ere bai, baina Alarde parekide baten barruan. Oraindik lanean jarraitu behar dugu".
Hori horrela, Larruskainek ez du uste kanpotik begiratuta aldaketa handirik nabarituko denik aurreko urteekin alderatuta, ez dira Alarde baztertzailearekin batera aterako. Jaizkibelek bazuen "konpainia baten egitura", eta honek, batik bat, "aldaketa administratiboa" dakar, azaldu du.
Hurrengo ostiralean elkartuko dira taldeko kideak berrikuntzen berri eman eta aurrera begira hartu beharreko erabakiak hartzeko.
Konpainia inklusiboa
Pertsona guztiek dutela desfilean parte hartu eta jaiez gozatzeko aukera defendatzen du Jaizkibelek. "Konpainia inklusibo" gisa, Nahia Salaberria izango dute aurten kantinera, batetik bestera gurpildun aulki batean ibiltzen den emakumea.