Migrazioa
Espainiako Gobernuak 50 milioi eskaini dizkio Kanarietakoari adingabe migratzaileak artatzeko
EITB Media
Torres ministroak adierazi du areagotu egingo direla atzerritarren legearen erreforma ixteko negoziazioak talde parlamentarioekin, eta PPri eskatu dio "konponbidearen aldean jartzeko, ez arazoenean".
Espainiako Gobernuak 50 milioi euroko aurrekontu-partidak bideratuko ditu urtea amaitu baino lehen, Kanarietako Gobernua konpentsatu ahal izateko inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileen arreta-gastuei aurre egiteko. Erabaki horrek Kanarietako presioa nolabait "arintzeko" balioko du, baina ez auziari irtenbidea emateko.
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek eta Kanarietako presidente autonomiko Fernando Clavijok ostiral honetan egin duten bileraren ostean, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministro Angel Víctor Torresek iragarri du PPrekin eta gainerako talde parlamentarioekin lanean are tinkoago jardungo dutela atzerritarren legea aldatzeko, adingabeak autonomia-erkidegoen artean banatzea derrigorrezkoa izan dadin, hori baita, Torresen ustez, Kanariak, Ceuta eta Melilla arintzeko "irtenbide bakarra".
Gaur egun, lege-esparruak ezartzen du migratzaile adingabeen tutoretza autonomia-erkidegoei dagokiela, ez Espainiako Gobernuari, horri adinez nagusi diren migratzaileak artatzea eta autonomia-erkidegoen artean banatzea baitagokio. Bestela esanda, egungo legeen arabera, Kanarietara iristen diren adingabeak ezin dira beste erkidego batzuetara bideratu, adinez nagusi direnekin egiten den gisan.
Bilera ostean, Fernando Clavijo Kanarietako presidenteak azaldu du bere ustez Sanchez jabetu dela Kanarietan bizi duten egoeraz, baina ez du ezkutatu 50 milioi eurotik gora behar direla adingabeei arreta emateko gastuei aurre egiteko. Adingabeen eskubideen defentsa koordinatzeko "herrialde mailako akordio bat" behar dela azpimarratu du, kontua ez baita soilik ekonomikoa. Abuztuan, adibidez, Kanariek 60 adingabe gehiago jaso dituzte, eta udazkenean itsasoa hobetzearekin harrera-sareak gainezka egin dezake berriro. Hori dela eta, lege-aldaketa "premiazkoa" dela adierazi du.
Clavijo eta Sanchez, ostiral honetako bileran. EFE.
Torresek aitortu du bileran ez dela esplizituki hitz egin adingabeak bideratzeko errege lege-dekretu bat onartzeari buruz, baina, bere ustez, arazoa da ez dagoela Kongresuan halakorik onartzeko nahikoa babesik. 2018an lege-dekretu bat onartu zela gogorarazi du, baina ez zela bete, borondatezkoa zelako.
Ildo horretan, uztailaren 23an Kongresuan lege-proposamena tramitera onartzea ukatu zenetik talde parlamentarioekiko harremana ez dela "eten" esan du, eta PPk babes horrekin bat egitea espero du. "Aurrera egin eta formulak bilatu" ahal izateko, "konponbidearen aldean jartzeko, ez arazoarenean", eskatu die popularrei.
Tramiterako onarpenak porrot egin zuenean "bakarrik eta abandonatuta" sentitu zirela onartu du Clavijok, baina azpimarratu du bera ez dela "amore ematekoa". Adierazi duenez, Kanarien aldarrikapena "justiziazkoa da", ezin duelako presio hori "bere kabuz" jasan, eta argi utzi du "kosta" egiten zaiola sinestea desadostasunak "lauzpabost eserialdirekin" konpondu ezin direnik.
Horren hitzetan, "ez da arazo politikoa, ezta lurraldearena ere; gai humanitarioa da".