MENDI-ISTRIPUA
Aste hasieran aberriratuko dituzte Mont Blancen hildako bi euskal mendizaleen gorpuak
EITB MEDIA
Beharrezko izapideak amaituta, astelehenean edo asteartean helduko dira hilotzak Euskal Herrira. Istripuan zauritu zen hirugarren euskalduna dagoeneko etxean da.
EITB Mediak jakin duenez, datorren aste hasieran iritsiko dira Mont Blancen hildako bi gipuzkoar mendizaleen gorpuak etxera.
Beharrezko izapideak amaituta, hilotzak lehenbailehen ekartzeko itxaropena dute ingurukoek.
Mikel Etxezarraga Usurbilen jaio baina Lezon bizi zen 26 urteko mendizaleak eta Markel Galdos 27 urteko oiartzuarrak istripua izan zuten asteazkenean, Mont Blanc du Tacul menditik jaisten ari zirela.
Beraiekin zihoan lagun batek ikusi zuen istripua, eta hark eman zuen abisua. Arin zauritu zen mendizale hori, eta alta jasota, dagoeneko Euskal Herrian da.
Doluminak ematearekin batera, familien intimitatea errespetatzeko eskatu du Oiartzungo Udalak, ohar baten bidez.