ABISU METEOROLOGIKOA
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ohartarazi du bat-bateko ur goraldiak izan daitezkeela Nafarroan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Tenperatura-aldaketa bortitza eta euri jasa gogorrak espero dira Foru Erkidegoan eta 22:00ak arte indarrean egongo da alerta.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (CHE) ohartarazi duenez, litekeena da larunbat honetan bat-bateko emariak handitzea isurialde txikiko (6 orduko kontzentrazio-denbora baino gutxiago) amildegietan eta ibaiadarretan, Nafarroako zati handi batean, baita Aragoiko iparraldean eta ekialdean zein Kataluniako mendebaldeko Pirinioan.
Aemet Estatuko Meteorologia Agentziak abisu laranja eta horia ezarri du larunbat arratsalderako iragarri dituen euriteen ondorioz. Izan ere, ordubetean metro koadroko 15-30 litro pilatzea aurreikusten da zenbait ingurutan. 14:00etan sartu da indarrean abisua, eta 22:00ak arte egongo da indarrean Nafarroan.
Aurreikuspen horren aurrean, egoera meteorologikoaren eta hidrologikoaren jarraipena egitea gomendatzen dute, ohiko bitartekoen bidez: AEMET eta @CH_Ebro-ren X kontu eta webguneen bidez, adibidez.
Hala ere, oraingoz, ez dago euri pilaketa handirik. 18:00ak arte, metro koadroko 6 litro pilatu dira Urbasan eta 4 Tafallan, euri gehien egin duen tokietan.