MENDI-ISTRIPUA
Mont Blancen hildako bi euskal mendizaleen gorpuak asteazkenean iristea espero dute senideek
EITB MEDIA
Hilotzak Euskal Herrira ekartzeko beharrezko izapideak amaitu dituzte, eta jasotako babesa eskertu dute. Istripuan zauritu zen hirugarren euskal herritarra dagoeneko etxean da.
Mont Blancen hildako bi gipuzkoar mendizaleen familiek aurreikusten dute gorpuak asteazkenean iritsiko direla Euskal Herrira, beharrezko izapideak amaituta.
Chamonixera (Frantzia) joandako senideak eta beraiekin zihoan laguna, arin zauritu zena, etxean dira dagoeneko.
Mikel Etxezarraga Usurbilen jaio baina Lezon bizi zen 26 urteko mendizaleak eta Markel Galdos 27 urteko oiartzuarrak istripua izan zuten asteazkenean, Mont Blanc du Tacul menditik jaisten ari zirela.
Arin zauritutako lagunak ikusi zuen istripua, eta hark eman zuen abisua.
Galdos Oiartzungo Gurutze auzoko jai batzordean zebilen, eta hurrengo bi asteburuetan ospatzekoak ziren jaiak bertan behera utzi dituzte. Ohar batean, Udalak esan du ez direla festak ospatuko, "herri osoaren eta, batez ere, auzotarren saminarekin bat eginez".
Doluminak ematearekin batera, familien intimitatea errespetatzeko eskatu du Oiartzungo Udalak, ohar baten bidez. Galdosen familiak jasotako "maitasuna" eskertu du. "Albistea zabaldu bezain laster atsekabea herri osoan hedatu zela jakitun gara eta, herritar eta lagun ugari hurbildu zaigu", esan dute. Era berean, hedabideek erakutsitako errespetua ere eskertu dute.