Itxi

Migrazioa

'Manteroen' aldeko plataformak politika aldatzeko eskatu dio Bilboko Udalari, Poliziaren indarkeriaren aurrean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Manteroekin Bat plataformak elkarretaratzea egin du Bizkaiko hiriburuan. Salatu dute egungo politikek kaleko saltzaileen eskubideei "larriki" eragiten dietela.

"Manteroen" aldeko elkarretaratzea, Bilbon. Irudia: EITB

Manteroekin Bat plataformak Bilboko "udal politikak aldatzeko" eskatu du, kaleko saltzaileen "eskubideei larriki eragiten" ari zaielako. Ildo horretan, "poliziaren indarkeria gero eta handiagoa" eta Udalaren "erantzunik eza" salatu ditu.

Manteroekin Bat Bizkaiko Mboolo Manteroen Plataformak, SOS Arrazakeria Bizkaiak, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak eta beste kolektibo sozial eta sindikal batzuek osatzen dute.

Azaldu duenez, sareak proposamen bateratu bat aurkeztu zion Bilboko Udalari, eta bost eskaera egin zizkion, besteak beste, manteroen aurkako "Poliziaren esku-hartzeetan indarkeria fisikoa eta hitzezkoa erabiltzeari premiaz uzteko" eta "gehiegikeriak egiten dituzten agenteei jarraipena, kontrola eta zigorra jartzeko".

Era berean, manteroen dokumentazioa eta beste gauza pertsonal batzuk "berehala atxikitzeari" uzteko eskatu dute, "oinarrizko eskubideak urratzen dituelako", baita "salgaiak eta beste ondasun pertsonal batzuk konfiskatzeko jardunaren berrikuspen sakona" egiteko ere, "zalantzagarria eta ez oso gardena" dela iritzita.

Plataformak Aste Nagusiko eta Bizkaiko hiriburuko auzoetako jaietan "salmenta segururako guneak" adosteko proposatu du, baita manteroak udal kiroldegietara sartu ahal izatea ere, "garbitzeko eta baldintza duinetan atseden hartzeko".

Hala ere, Udalaren erantzuna "ezezkoa izan da, eskaera guztiei". "Bileretan asmo onak izan diren arren, ez da aurrerapausorik eman, ezta eskatutakoaren aldeko keinurik ere", deitoratu du plataformak. Joan den igandean amaitu zen azken Aste Nagusian, "kaleko salmentarekin bizimodua ateratzen duten pertsonek etengabeko tentsioa eta jazarpena jasan dute, baita jarrera estigmatizatzailea eta bortizki arrazista duen Poliziaren presentzia areagotzea ere".

"Atxiloketen, identifikazio arrazisten, salgaien konfiskazioen, dokumentuen, diruaren eta ondasun pertsonalen atxikipenen lekuko izan gara, guztia indarraren gehiegizko erabilerarekin batera", salatu dute, eta manteroak ez "kriminalizatzeko" eskatu dute, "manteroa izatea ez delako delitua" eta "inor ez delako legez kanpokoa".