epaia
Daniel Sanchori biziarteko kartzela zigorra ezarri diote Edwin Arrieta erailtzea egotzita
Agentziak | EITB Media
Rodolfo Sancho aktorearen semeak 107.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio kirurgialari kolonbiarraren familiari. Arrieta erailtzea, horren gorpua zatikatzea eta lapurtzea egotzi diote. Fiskalak hiltzera kondenatzea galdegin zuen, baina epaileak zigorra murriztu dio, justiziari laguntzeagatik.
Daniel Sancho espainiarrari, Rodolfo Sancho aktorearen semeari, biziarteko kartzela zigorra ezarri diote Edwin Arrieta kirurgialari kolonbiarra erailtzea leporatuta, gaur ezagutarazi duten epaiaren arabera. Krimena duela urtebete egin zuen Sanchok, Thailandian.
Samuiko (Thailandia hegoaldea) Lurralde Auzitegia herrialdean 10:55 zirenean (05:55ean, Euskal Herrian) hasi da epaia irakurtzen. Azaldu duenez, Fiskaltzak egindako eskaera (heriotza zigorra) murriztea erabaki du, Sanchok justiziari lagundu ziola argudiatuta. Aurretiaz pentsatutako erailketa egitea, gorpua zatitzea eta Arrietaren pasaportea lapurtzea egotzi dizkio, eta delitu horiengatik errudun jo du epaileak.
Sanchok Arrietaren gorpua zatitu zuela aitortu zuen, eta hilketa "istripua" izan zela defendatu.
Zigorra ez ezik, Edwin Arrietaren familiari eman beharreko kalte-ordaina ere zehaztu du epaileak. Lau milioi baht, 107.000 euro, izango dira.
Thailandiako Fiskaltzak akusazioan jasotako hiru delituak aintzat hartzea ebatzi du epaileak. Hori horrela, epaiarekin "pozik" agertu da. Arrietaren senitartekoak ere "oso pozik" azaldu dira Sanchok jasotako zigorrarekin.