Emakumeen aurkako indarkeria
Hiru emakumek eraso matxistak jasan zituzten Bakioko mozorroen festan, ostegunean
agentziak | eitb media
Gainera, biktimetako batek sustantzia kimikoren bat jaso izanaren susmoa du Udalak.
Bakioko Udalak jakinarazi du hiru eraso matxista izan zirela ostegunean herriko jaien baitan ospatu zen mozorroen festan, eta "irmoki" gaitzetsi ditu.
Udalak zehaztu du "ukituak" egin zizkietela biktimei, eta susmoa dagoela horietako bat sustantzia kimikoren batekin kutsatu zutela.
Horren aurrean, Bakioko Udalak "babesa eta elkartasun osoa" helarazi nahi izan die emakumeei eta ingurukoei, eta "beharrezko baliabideak" haien eskura jarri ditu.
"Argi utzi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako erasorik onartzen, ez jaietan ez beste inon. Gure kaleetan ez dago lekurik emakumeen eskubideak urratzen dituztenentzat", ohartarazi du.
Atzo, ostirala, elkarretaratzea egin zuten erasoen aurka udaletxeko plazan.