Itxi

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Bakion sexu-eraso baten egilea izan delakoan

EITB Media

Leer en Castellano

Segurtasun Sailaren arabera, 48 urteko gizon batek ukituak egin zizkion emakume bati Bakioko jaietan. Gertatutakoaren berri izan eta Ertzaintza jai-eremura hurbildu zenean gizona identifikatzeko asmoz, ohartu ziren antzeko gertakariengatik atxilotzeko agindu judiziala zuela gizonak.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du larunbat goizaldean, aurreko egunean Bakioko jai-esparruan izandako sexu-eraso batengatik. 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, erasoa ostiral goizaldeko bostak eta laurden aldera gertatu zen, Bakioko jai-esparruan. 48 urteko gizon batek ukituak egin zizkion emakume bati.

Gertatutakoaren berri izan ondoren, Ertzaintzaren baliabide bat, ikerketa-lanetan ari zela, jai-esparrura hurbildu zen gizona identifikatzeko asmoz. Une horretan, ohartu ziren gizonezkoa bilatu eta atxilotzeko agindua emana zuela aurrez Logroñoko epaitegi batek, antzeko gertakariengatik.

Atxilotu egin zuten, beraz, epailearen agindua betez, eta gainera, sexu-eraso delitu baten ustezko egilea delakoan ikerketapean dela jakinarazi zioten.

Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten beharrezko izapideak egiteko, eta, ondoren, epailearen esku utzi zuten.

Bakioko Udalak herriko jaietan gertatutako beste hiru eraso matxista salatu zituen ostiralean, hiru emakumek ukituak jasan zituztelako, baten kasuan substantzia kimikoren baten eraginpean jarri izanaren susmoarekin.