Itxi

Eguraldia

Bazetorrela jakinagatik ez du ekaitzak leunago jo

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

17:00ak aldera sartu da Euskal Herrian eta pixkanaka lurralde osoa zeharkatzen joan da. Euriak errepideetan arazoak sortzeaz gain, tximistek eta haizeak ere zaildu dute arratsaldea herrialde osoan.

Udako ekaitza. Argazkia: EFE

Esanda zegoen eta iritsi da: euri erauntsi eta ekaitza 17:00ak aldera sartu da Euskal Herrian eta pixkanaka lurralde osoa zeharkatzen joan da, bidean hankaz gora jarriz dena.

Errepideak izan dira ondorioak nabaritzen aurrenetarikoak. Ap-68an Zuian Bilborantz, esaterako, auto bat errepidetik atera da euriaren ondorioz eta errei bat moztu behar izan dute, auto-ilarak eraginez inguruetan. 

Zornotzan ere, AP-8an, auto baten eta autobus baten arteko istripua izan da eta pertsona bat zauritu da. 

10 minutuan 11 litro pasatxo bota ditu Getxon esaterako eta Algortako kaleak erreka bihurtu dira. Bermeon ere mardul bota du, 10 litrotik gora 10 minututan. Gipuzkoan Zarautz izan da, orain arteko datuen arabera, euri gehien bota duen lekuetako bat, ia 17 litro 10 minutuan.

Horrez gainera, tximistek ere buruhauste ugari eragin dute, Zornotza inguruan bertan, etxebizitza batean sutea piztu da 18:20an, baita baserri batean ere, itxura guztien arabera argindar kableak erortzearen ondorioz, eta herri horretan bertan, beste tentsio kable bat erori da tren baten gainera, eta bidaiariak trenetik atera eta ebakuatu behar izan dituzte. Zirkulazioa eten dute Usansolo eta Zugastieta artean. 

Gordexolan eta Gamizen ere baso-suteak eragin dituzte tximistek.  

Haizea ere oso zakar ibili da eta Basauriko pabiloi baten teilatua jausteko zorian egon da haizeagatik. 

Gasteizen ekaitzak kazkabarra ere ekarri du eta leihoak ere apurtu ditu harriak.

Alerta laranja egunaren amaierara arte

Euskalmetek prezipitazio handiak iragarri ditu egunaren bigarren zatirako eta, aurreikuspenen arabera, ordubetean 30 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertain-handiak eta trumoitsuak botatzen ari da eta txingorra bota dezake (2-3 cm). Zenbait tokitan zaparraden intentsitatea oso handia izan daiteke (ordubetean 30 l/m² baino gehiago). Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan litezke (60-100 km/h ingurukoak). Alerta laranja ezarri dute 22:00ak bitartean EAEn. 

Nafarroan, berriz, Aemetek aurreikusi du 30 mm bota ditzakeela ordubetean 17:00etatik gauerdira, eta kazkabarra eta haize bolada gogorrak ere izan daitezkeela.

Euri handien aurreikuspenen ondorioz, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak zaintza areagotu du Ebro arroan eta inguruetan, Araban eta Nafarroan barne, bat-bateko ur-goraldi garrantzitsuak izateko arriskuagatik puntu konkretuetan, batez ere zaparrada handienak botatzen dituzten eremuetan.

Hurrengo egunetan

Igandean eguraldia ez da hain nahasia izango. Goizaldean bero-hodeiak agertuko dira oraindik eta zaparrada batzuk bota ditzake, batez ere ipar-ekialdean. Goizetik aurrera zerua tarteka hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin, eta noizbehinka zaparrada txikiak bota ditzakeen arren ateri eutsiko dio leku gehienetan. Ipar-haizea nagusituko da, tenperatura maximoek behera egingo dute eta 24 eta 26 ºC artekoak izango dira orokorrean.

Astelehenaren lehenengo partean zerua tarteka hodeitsu egongo da; mendebaldean hodeiak izango dira nagusi, ekialdean zerua garbiago egongo da. Eguerditik aurrera hodeiak gailenduko dira eta egunaren bigarren partean zaparrada trumoitsu batzuk botako ditu. Goizetik aurrera ipar-haizea ibiliko da eta tenperatura maximoak bizpahiru gradu jaitsiko dira.

Asteartean ekaitz giroak jarraituko du, eta asteazkenean tenperaturak gora egingo badu ere, bide beretik jarraituko du eguraldiak.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.