Denboralearen ondorioak
Argindarrik gabe jarraitzen dute Zornotzako etxe batzuek larunbateko ekaitzagatik
EITB
Igande goizean teknikariek bizilagunei esandakoaren arabera, gutxienez bost egun beharko dituzte instalazioak konpontzeko. Horregatik, hainbat bizilagunek beste bizitoki batzuk aurkitu behar izan dituzte, behin-behinean.
Larunbat arratsaldean Euskal Herria zeharkatu zuen ekaitz, euri eta haize denboraleak bereziki jo zuen Zornotza, besteak beste, tentsio kable bat trenbide gainera erori eta tximistek eragindako bi sute izan baitziren bertan.
Hain zuzen ere, tximisten eta deskarga elektrikoen ondorioz, argindarrik gabe daude larunbatetik Zornotzako auzo oso bateko bizilagunak, eta badirudi luzerako joko duela.
Izan ere, igande goizean, bertan izan dira teknikariak, larunbateko ekaitzaren ondorioak aztertzen, eta bizilagunei esan dietenez, instalazio elektrikoak konpontzeko gutxienez bost egun beharko dituzte.
Hori dela eta, hainbat bizilagunek etxetik kanpo pasa beharko dituzte hurrengo egunak. Beste zenbait argindar sorgailuekin ari dira, oinarrizko argindar beharrak asetzeko.
Imágenes evacuación, esta tarde, de unidad @euskotren afectada x caída linea de alta tensión #Amorebieta#Bomberos
— Bomberos y Bomberas Bizkaia (@BomberosBizkaia) August 31, 2024
Amorebietan tensio kable bat jausteagatik kaltetutako trenaren irudiak #Suhiltzaileak https://t.co/QFt0kl4qu5 pic.twitter.com/t2WitIqV46